Besoitaormaetxea, euskal baserrien sorrera eta garapenaren eredu

Maialen Zuazubiskar 2017ko eka. 12a, 14:03

2014an Berrizko Besoitaormaetxea baserria eraberritzen hasi zirenetik indusketa arkeologikoak egiten ibili dira Sallobente auzoan dagoen baserrian. Gaur egin duten aurkezpenean azaldu dutenez, Besoitaormaetxea eraikina lehenengoz zientifikoki datatu den euskal baserriaren aintzindaria da.  "Lan hauek egitea erronka itzela izan da, eta, talde lana izan da nagusi" adierazi du indusketa lanak egin dituen Teresa Camposek.

Gakoa enpresako arkeologoak adierazi duenez, Sallobente auzoan dagoen bizitza biko baserrian, habe-zuloak, siloaren zuloa, etxolaren zorua izan zenaren froga, harrizko baserria erakitzen hasi zinereko zimentazioa eta korta eta dolareen aztarnak aurkitu dituzte. "Aztarna guzti hauek eraikin bakarrean denboran zehar izan diren ekoizpen sistemak eta bizimodua aztertzen lagundu digute. Eta hauei esker, euskal baserrien eboluzioa zein izan den eta zein itxura izan duten ikusi ahal izan dugu", adierazi du Camposek.

Horrez gain, arkeologoak nabarmendu duenez, hasieran Besoitaormaetxea etxola borobil bat izan zen. XII. mendean etxola errektangular itxurako eraikin bat bilakatu zen eta XVI.menderako dolaredun baserria. XVIII. menderako, berriz, ukuilua baserrira sartu zutela ikus daitekela jakitera eman du arkeologoak. "Gaur egun, baserrian jabetzen banaketa eginda dago, hau, egungo bizimoduaren ispilu izanik", bukatu du.

Prentsaurrekoan parte hartu duten Orlan Isoird Berrizko alkateak, Nerea Mujika Gerediagako kideak eta Lorea Bilbao Bizkaiko Euskara eta Kultura diputatuak Besoitaormaetxea baserriaren ikerkuntzan egindako lana nabarmendu dute. "Harri bitxi baten aurrean gaude. Eta ikerketa honi esker, nondik gatozen, zer garen eta zer izango garen ikus dezakegu", gaineratu du Lorea Bilbaok.

Bestalde, Besoitaormaetxea baserriko Fuldain Eizaga-Etxebarria ahizpek elkarlanean egindako ikerketa pozik hartu dutela nabarmendu dute. "Gu bertan jaiotakoak gara, eta sorpresa itzela izan da gure etxea euskal baserrien sorrera eta garapenaren eredu dela jakitea", adierazi du Inmaculada Fuldainek.

Barikuan, arratsaldeko zazpietan, herritarrentzako aurkezpena egingo dute. 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!