Bizkaiko kostaldetik bizikleta martxa antolatuko dute Berrizen

Joseba Derteano 2017ko mai. 30a, 16:22

Domekan izango da eta ibilbideak 120 kilometro ditu. Aurrez izena emateko epea eguenean amaituko da.

Berriz Bizikletari Elkarteak eta Berrizko Udalak antolatuko duten martxak zazpigarren aldia egingo du aurten eta Bizkaiko federazioko zikloturismo egutegiaren barnean dago. Bizkaiko kostaldean zehar, 120 kilometro eta 2.500 metroko desnibela dituen ibilbidea osatu dute. “Beste urteetako esentzia mantenduko du, orografia gorabeheratsu eta gogorrarekin”, azaldu dute elkarteko kideek ohar batean. Muniketa (2. maila), Ixua (1) eta Areitio (3) mendateak igoko dituzte.

Antolatzaileen ustez, “martxa hitzordu oso aproposa da amateur edo goi mailako zaleentzat”. Izan ere, “ekaina oso hilabete garrantzitsua da hainbat zikloturistentzat Irati Extreme edo Quebrantahuesos martxekin”.

Domekan, 09:00etan, hasiko da udaletxetik —Iturriza kalea— eta toki berean izango du helmuga. Txirrindulariek bi hornidura puntu, solidoa eta likidoa, izango dituzte, Ispasterren eta Ixuan (60. eta 100. kilometroetan). Bidean zehar, laguntza medikoa, teknikoa, eta motorren lotura izango dira. Bukatzerakoan, parte-hartzaileek dutxak eta otartekoa edukiko dituzte.

Izen-ematea 15 eurokoa da lizentzia duten txirrindularientzat, 25 eurokoa lizentzia gabekoentzat, 2012ko prezioak mantentzen direlarik. Halaber, 5 euroko deskontua izango dute izen-ematea elkartearen web-orrialdearen bitartez egiten dutenentzat. Eskaintza, ekainak 1 era arte da. Martxaren egunean bertan ere izena emateko aukera izango da. 250 bat parte hartzaile batzea itxaroten dute.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!