Geroa eta Kukubiltxo taldeetan ibili zen Javier Obregón durangarrari egin zion Txintxaun Berrizko taldeak antzezlana zuzentzeko gonbidapena, eta zuzendariaren berbetan, "lan gogorra izan da irailetik hona" egin dutena. Aktoreek bere aginduetara egin duten lana da, hain zuzen ere, Apustua antzezlanaren osagairik inportanteena, Obregonen ustez. Gaurko aurkezpenean parte hartu duten Ruiz eta Perezekin batera, beste bost aktorek dihardute obra honetan: Iban Mestraituak, Bego Pereirak, Josu Rodriguezek, Ainara Apariciok eta Aitor Parejak.
Barikuan estreinatuko dutena, zentzu askotan, Txintxaun taldearentzat “apustu” eta "erronka handia" izan dela nabarmendu dute aktoreek. Andoni Ruizen berbetan, “umeei zuzenduriko antzezlanetan esperientzia gutxi dugulako, ipuina oholtzarako moldatzeko testu gehiago sortu behar izan dugulako, euskarazko lan bat delako...”. Raul Perez aktoreak berretsi du “erronka handia” izan dela, baina “esfortsuagaz eta gogoagaz emaitza polita” atera zaiela.
Berriztarren euskarazko kultur ekoizpenei diru-laguntza
Apustua ipuina eta antzezlana bezalako euskarazko kultur ekoizpenak diruz laguntzeko Berrizko Udalak eskaintzen dituen laguntzen deialdian parte hartzeko deia egin dute, bestalde, gaurko prentsaurrekoan. Bego Madariaga zinegotziak jakitera eman duenez, berriztarrek egindako euskarazko kultur ekoizpenak laguntzeko 2.000 euro emango ditu udalak, aurten, eta bi hilabetez egongo da zabalik lehiaketara aurkeztu gura dutenek euren lanak aurkezteko epea.