Gazteentzako jolasgunea egingo dute Berrizburun

Maialen Zuazubiskar 2017ko mai. 22a, 12:00

Berrizburun egingo dute jolasgunea.

Iazko azaroan 2017ko aurrekontuak onartu zituztenean, aurrekontu parte-hartzaileetara 150.000 euro bideratzea erabaki zuten Berrizko Udalean. Joan zen asteko udalbatzarrean, herritarrek hartutako erabakien berri eman zuen Orland Isoird alkateak, eta aurrekontu parte-hartzaileetako diru atalik handiena Berrizburun sortuko duten gune berriak izango duela adierazi zuen.

Otsailean eta martxoan egin zituzten batzarretan, aurrekontu parte-hartzaileetara bideratutako dirua bi zatitan banatzea erabaki zuten herritarrek. Alde batetik, 100.000 euro herri gunera bideratzea erabaki zuten, eta beste 50.000 euroak landa gunera.

Herri gunera bideratutako dirutik 50.000 euro gazteentzako jolasgunea sortzeko erabiliko dute berriztarrek. “Herritarrek erabaki bezala, jolasteko toki bat sortuko dugu umeentzat Berrizburun. Gune honek tirolinak,  sareak... izango ditu”, adierazi zuen alkateak.

Horrez gain, Legañon irisgarritasuna bermatzeko, herritarrek arrapalak jartzea erabaki dutela jakitera eman zuen azken osoko bilkuran Orland Isoirdek.

Auzo gunean
Landa guneko 50.000 euroak, berriz, hiru zatitan banatzea erabaki zuten berriztarrek. Hortik, diru atalik handiena Sarrigoititik Andikoarako proiektuak eskuratuko luke. Hau da, 25.000 euro bi auzoen arteko zordanbidea konpontzeko erabiliko dute.

Bestalde, 24.000 euro auzo bideetako seinaleztapena hobetzeko eta animaliak dauden tokiak zeintzuk diren adierazteko erabiliko dituztela jakitera eman zuten.

EAJren  eta PSOEren aldeko botoekin onartutako aurrekontu parte-hartzaileetan ez dutela “paso egiten” adierazi zuen Karmen Amezua EH Bilduko zinegotziak. Baina aurrekontu parte-hartzaile hauen parte izan ez zirenez, abstenitzea erabaki zutela adierazi zuen Amezuak.

2017KO PROIEKTUAK

1. Umeentzako
jolasgunea: 50.000 euro.

2. Legañoko irisgarritasuna: 40.000 euro.

3. Barandak
herrigunean: 10.000 euro.

4. Sarrigoititik Andikoarako bidea: 25.000 euro.

5. Auzoetako bideen seinaleztapena: 24.000 euro.

6. San Lorentzo ermita atontzea: 1.000 euro

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!