Harrobiko 200 jokalari, Berrizi prestigioa itzultzeko lehengaia

Izan zen sasoi bat Berriz eskualdeko futbol talderik prestigiotsuenetakoa zena. Baina Ohorezko Mailan zebilen garai haiek joan ziren, eta kluba gainbeheran erori zen, bai kirol arloan, bai ekonomikoki.

Ataka horri ere aurre egin zioten, eta orain, etorkizunari berriro esperantzagaz begiratzeko arrazoiak aurkitu ditzakete. Denen gainetik, harrobia dago. 2015ean hiru talde baino ez zeuden: nagusietatik kadeteetara. Gaur egun, aldiz, hamabi dituzte, futbol eskola bat barne.

Berrizko ikastetxeetan zebiltzan taldeak futbol klubeko egiturara batu ziren iaz. Horri esker, haur-kategorian eta kimuetan bina talde eta benjaminetan beste lau gehitu dituzte, futbol eskolaz gainera. Guztira, 200 bat gazte. “Harrobia oso baliotsua da guretzat”, aitortu du Isolino Rua klubeko presidenteak. Lehengai kantitate hori etorkizunerako bermea da, baina ezin du epe laburreko arazorik konpondu. Berriz futbol kluba estu dabil Bigarren Erregionalean. “Hirugarren Erregionalera jaistea kolpe gogorra litzateke klubaren prestigiorako”, dio Ruak. Jokalariek badakite hori. Joan zen asteburuan San Antonio aurkari zuzenari 1-0 irabazita, euren aurpegietan sumatu zitekeen lasaitasuna horren erakusgarri da. Egunetan pilatutako tentsioa askatu ahal izan zuten une batez. Baina ezin dira loak hartuta geratu, jaitsiera postuan dagoen Iberlandagaz  puntuetara berdinduta jarraitzen dute eta.

Aurten talde laburra du Berrizek. 18 jokalari baino ez. Gainera, horietatik lau gazte mailatik igotakoak dira. Esperientzia falta ere arazo bilakatu daiteke denboraldia bere une erabakigarrian sartzen denean.

Taberna, diru iturri nagusi
Berriz futbol kluba haustura batetik errekuperatzen dabil. Aurreko zuzendaritzaren artean desadostasunak izan ziren. Batzuek utzi egin zuten, eta geratu zirenek dimititu egin zuten gerora. Inork ez zuen ardura hartu gura, eta kluba desagertzeko arriskuan izan zen. Udalak batzar irekiak antolatu zituen gidaritza hartuko zuten boluntarioen bila, eta prozesu horren ondorioa da gaur egun Rua buru duen batzordea. “Kluba, gutxi-asko, behea jota zegoen guk jaso genuenean. Gaur egun 15.000 euro ditugu bankuan”. Diru iturri nagusia taberna dute. “Futbol zelaiko tabernatik datorren diru barik kluba ez zen bideragarria izango”, onartu du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!