Mikel Aguirreren zartakoak arnasa eman dio estu dabilen Berrizi

Anboto 2017ko mar. 5a, 20:50

Berriz futbol taldeak garaipen garrantzitsua lortu du jaitsiera ekiditeko arerio zuzen baten aurka. 

Eskoadratik gertu sartutako misil batek hiru puntu baliotsu eman zizkion atzo Berrizi. Mikel Aguirre atzelaria izan zen golaren egilea. Korner baten osteko aldaratzean, baloiari zetorren moduan eman eta gol ederra sartu zuen. 

Berrizek 1-0 menderatu zuen San Antonio. Etxebarriko taldea hamar jokalarigaz aritu zen lehen zatiko orduerdiaz geroztik. Bi txartel hori ikusita, zelaia utzi behar izan zuen jokalari batek. Ordutik aurrera Berrizek goitik behera agindu zuen eta partidua erabakita uzteko aukera dezente izan zituen, baina kamuts ibili ziren atearen aurrean. Barkatzen duenari sufritzea egokitu ohi zaio eta horixe gertatu zen. Bigarren zati osoan zelai erdia bera gainditzeko arazoak izan zituen San Antoniok aukera paregabea izan zuen arauzko 90 minutuak igarota zeudela, baina baloia zutoinera joan zen.

Garaipen honekin arnasa apurtxo bat hartu du Berrizek. Badaki asteon ez duela jaitsiera postuan lo egingo eta bere aurretik dagoen San Antonio puntu bakarrera du orain.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!