2012an Londresen sortu zuten Teatro En Vilo, eta egun Madrilen dute egoitza, baina han-hemengo sortzaileen kolaborazioa dute ardatz. Taldekideen berbetan, “fikzioa eta errealitatea banatzen dituen lerroan kokaturik, umore absurdoa eta keinu-komedia” baliatzen dituzte euren lanetan.
Berrizen eskainiko duten Interrupted antzezlanak, “bizitza perfektu bat zena bat-batean infernu zelan bilakatu daitekeen kontatzen du”. Anabel izeneko pertsonaia du protagonista, “arrakasta handiko emakumea, azkar, modu frenetikoan bizi dena”. Sei egunean Anabelek bere bizitzaren gaineko kontrola zelan galtzen duen erakusten du obrak, “zelan murgiltzen den kaos absolutuan”.
Londresko Mimetic jaialdian konpainia sortuberririk onenaren saria jaso zuen Teatro En Vilo taldeak, 2013an. Munduko hainbat herrialdetan eskaini dituzte emanaldiak, eta hainbat sari jaso ere bai.