Zain: “Taldea zuzenean denagaz antzik handiena daukan diskoa da hau”

Itsaso Esteban 2017ko ots. 24a, 12:30
Asier Cosme, Alberto Sanchez, Joshua Froufe eta Unai Uribe.

Disko berria aurkeztu eta taldearen 11. urtebetetzea ospatzeko jaia egingo du Zainek, Berrizen, bihar.

Aurreko bi diskoen bidetik doa ‘Homoaskeak’?
Asier Cosme: Ukitu berdina du, baina hobea da! (barrez).
Unai Uribe: Orain arteko bidetik goaz, bai. Diskoko kantu batetik bestera beti nabari izan da aniztasuna Zainen, eta horrela gertatzen da Homoaskeak honetan ere: estilo desberdineko kantak biltzen ditu.
Alberto Sanchez: Kasu honetan, gehien aldatu dena grabatzeko modua izan da.  
A.C.: Bai, diskoko kanten soinuari dagokionez, pauso bat eman dugu aurrera, eta beti bilatu izan dugunaren antz handiagoa dauka disko honek.
U.U.: Disko honetan aldatu den beste gauza bat da letra guztiak Mikel Keixetarenak direla. Kanta-idazle ofiziala daukagu. Homoaskeak diskoko mundua berak sortua da, eta oso gustura gaude emaitzagaz.

Zelakoa izan da grabazioa?
A.S.: Oraingoan Elortzatarren Estoldetan-en grabatu dugu.
U.U.: Asko daukagu teknikari lanetan ibili den Igor Iglesiasi eskertzeko. Zer soinu gura genuen oso argi eduki du.  
Joshua Froufe: Oso gustura geratu gara Iglesiaren lan teknikoagaz. Gero, masterizatzera eraman dugu, Donostiako Doktor Master-era.  
U.U.: Bigarren teknikari baten eskutik igarotzeak ere beste ekarpen bat egin dio diskoari.

Aurrekoak baino prozesu geldoagoa izan da ‘Homoaskeak’ disko berriaren sorkuntza?
A.C.: Gutxinaka joan gura genuen. Abuztuan hasi ginen grabazioagaz, eta abenduan amaitu genuen, baina egiazki 18 grabazio egun izan dira. Tartean, Iglesias bere lana egiten joan da: instrumentu bakoitzaren grabazioak editatzen.
J.F.: Eta aurrekoetan ez bezala, banan banan grabatu dugu instrumentu bakoitza.
A.C.: Lasaiago hartu ahal izan dugu, lehen baino gutxiago aritu garelako zuzenean.

Gaztea maketa lehiaketa irabazi osteko sasoian estuegi ibili zineten?
J.F.: Esango nuke Zainen ez dakigula estuasuna zer den!
A.S.: Gehien, elkarrizketak eskaini behar izan ditugunean larritu izan gara! Promozioa ez da gure indargunea (barrez).
U.U.: Beti egon gara jotzeko prest, eta igarri genuen Gaztea irabazi ostean eskaintza gehiago etorri zirela, baina promozio kontuetan ez gara abilak...  

Aurreko bi diskoen promozioaz Baga Biga disketxea arduratu zen, ezta?
A.C.: Bai, eta euren eskutik Piratak diskoa asko promozionatu genuen. Egunsenti diskoa gutxiago zabaldu genuen, eta Baga Bigagazko lotura eteten joan zen. Orain, gure gain hartu dugu prozesu guztia, eta lasaiago gaude.
U.U.: Eta, horregatik, berriro hutsetik hasi izanaren sentsazioa daukagu.  

Zer iruzkin egin dizkizuete disko berriaz?
U.U.: Diskoa kaleratu berri dugu, eta, momentuz, ez dugu feedback askorik jaso...
J.F.: Egia da hori, baina, entzun dutenei asko gustatu zaie. Nire iritzian ere, egin dugun lanik onena. Ez al da horrela?
U.U.: Bai, nire ustez ere bai. Bigarren diskoa lehenengoa baino hobea izan zen bezala, hirugarren hau bigarrena baino hobea dela uste dut.

Zer zentzutan da hobea?
J.F.: Soinu aldetik, batez ere.
U.U.: Bai, Zain zuzenean energia handia transmititzen duen taldea dela uste dut, eta diskoetan energia hori apalduta moduan zegoela nabari genuen. Disko honetan indar handiagoa sumatzen da. Gehien produzitutako diskoa izan arren, taldea zuzenean denagaz antzik handiena daukana ere bada. Oso melodikoa eta poperoa da Zain, baina indar hori ere bada gure ezaugarria.

Gogotsu zaudete kantak zuzenean eskaintzeko?
A.C.: Bai, zapatu honetan Berrizen jotzeko, batez ere. Ilusio berezia dugu, ekainetik ez dugulako jo, disko berria herriko gaztetxean eta lagun askoren aurrean aurkeztuko dugulako.
U.U.: Bereziki prestatu dugu. Jai berezia izango da, zerbait desberdina. Eszenografia landu dugu, audio batzuk erabiliko ditugu kanten intro gisa.
J.F.: Eta inoizko kanta gehien joko dugu, gainera: kanta zahar zein berriak eskainiko ditugu. Zainen historiaren errepaso bat izango da.

Historia nahiko luzeko taldea da Zain. Zelan lortzen da iraunaraztea?
J.F.: Uste dut lehen aipatutakoa dela gakoa: lau taldekideok daukagun patxada. Beste talde batzuek izaten duten presiorik ez dugu sentitu izan.
U.U.: Beti gura izan dugu hobetu. Gure buruagaz zorrotzak gara, baina anbizio gutxi izan dugu. Urteetan gorabehera handiak izan ditugu, eta uste dut horrek lagundu duela taldea batuta mantentzen. Zuzenean aritzea eta konposatzea da gure motibaziorik handiena, eta espero dugu urte luzez jarraitzea, sasoi bakoitzean dagokion neurrian.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!