Independentziaz hausnartu duzue liburuan. Ze ikuspegi dakarzu?
Liburuko nire zatian, batez ere ezker abertzalean azken 50 urteetan egon den erresistentzia espirituaren inguruko analisi bat egiten dut. Independentzia negoziazio mahai batean lortzen den zerbait lez ulertu izan da, ikuskera hori egon da. Hemen proposatzen duguna da independentzia prozesu bat dela, naziogintza edo estatugintza. Osagai ideologiko batzuk ematen dira bertan, independentzia gure buruetan zerbait hurrekoa edo urrunekoa den ikusteko.
Independentismoak betaurrekoak aldatu behar dituela irakurri dizut. Zer esan gura duzu horregaz?
Askapen prozesuan, ematen zuen bat-batean mundu bat amaitu zela; mundu biren artean harrapatuta eta krisi baten erdian. 50 urtez askapen mugimenduak eduki duen ideologiak beste sasoi bateko problematika bati erantzuten zion; iturri intelektualak, beharrizanak... Mundua aldatu egin dela azaltzen saiatzen naiz liburuan, eta betaurrekoak ere aldatu egin behar ditugula. XX. mendea amaitzear zenean, Europan borroka armatua praktikatzen azkenak ginen. 2011n, mundu horren parte asko desagertu direla agerian geratzen da, baina gu oraindik tresna intelektual horregaz gaude. Hor identitate krisi bat sortzen da, eta birziklatu beharra dakar.
Sektore batzuen artean etsipena zabalduta dago, galdu egin den sentsazioa...
Garaipena eta porrotak, zelan neurtu izan dira? Oinarrian, borroka politiko-militarrak lortzen zuenagaz. 2011n, estrategia hori gobernuaren kontzesio barik itxi zenean, jende batek porrot lez ulertu zuen. Garaipena estatua mugiarazteagaz lotzen zen; ez, ostera, gizartean zure proiektu politikoak lortu duen zilegitasun mailagaz. Gizartea atzean ez badago, hortik urte batzuetara atzerapauso bi eman ahal dituzu. Independentismoak eta ezkerrak orain 30 urte zeukaten zilegitasuna eta gaur daukatena alderatuta, hor ikusiko dugu zer garaipen eman diren.
Zelan ikusten duzu gaur egungo egoera politikoa? Ez al dago blokeatuta?
Euskal Herriko independentzia prozesua beti egongo da stand-by batean, prozesuaren motorra den hori stand-by batean badago. Independentismoa 4-5 urtean krisian egon da eta, nire ustez, orain dabil altxatzen. Garrantzitsua da jakitea zergatik egon garen krisian. Ideiak argitzerakoan, nire ustez, abiadura bizian egingo du aurrera prozesu independentistak. Egokitu beharra dago.
Katalunian, ostera, pauso sendoak eman dituzte independentziarantz. Zure ustez, zertan asmatu dute?
Euskal Herrian agian ez genuen ulertuko marxismotik datorren ideia bat: gizarteak ez direla mobilizatuta egoten etengabe. Euskal Herrian askotan gertatu da mobilizazioak gora eta behera egitea; olatuan zaudenean, hori egonkortzen jakin behar da, ze gero erresaka etorriko da. Katalunian, alderdien gehiengoak onartutako Estatut-a atzera botatzeak independentista ez ziren sektore batzuk independentista bihurtzea ekarri zuen. Hemen ere ondorio horretara heldu beharko genuke, eta, agian, berriro Madrilera joan beharko dugu. 2009ko Diadan 20.000 lagun egon ziren, hurrengoan 80.000, gero 200.000, milioi bat, eta bi milioiko punta batera heldu zen. Mobilizazio ziklo bat da hori, guk bilatu behar duguna, nire iritziz. Hori dago ikasteko Kataluniatik, eta uste dut ezker abertzaleak ondo ikusi duela.