Kohatu: “Gure abestiak sortu eta grabatu gura genituen”

Aimar Esteban 2016ko aza. 15a, 12:47

2014an sortu zen Kohatu talde berriztarra. Beste talde batzuetan jotzen zuten lagunak batzea erabaki zuten, eta musika egiten jarraitzeko grinak bultzatuta, lanean ibili dira beraien lehenengo maketa kalean ikusi arte.

Hasieran boskotea ziren arren,  2015eko irailetik aurrera laukotea dira Kohatu: Joseba Romero (gitarra eta ahotsak), Bingen Baños (gitarra), Martin Sarasketa (bateria) eta Xabier Gutierrez (baxua).

Talde honek etiketatzea gustuko ez duen arren, heavy-metalaren eragina nabaritzen zaie. “Taldeko kide bakoitza mundu bat da, eta bakoitzak bere taldeak ditu gogoko. Horien nahasketa bat izango litzateke gurea”, azaldu dute. Horien artean, Pantera, Metallica, Kuraia edo Iron Maiden aipatu dituzte.

Kohaturen ibilbidea hasi besterik egin ez den arren, hainbat kontzertu eman dituzte gaztetxe, taberna edo jaietan. Talde honen kontzertuetan, gitarra doinu astunak, bateria doinu arinak, baxu potenteak eta melodia landuak daude.

Maketa bat grabatzea gura zuten hasiera batetik. “Taldea sortu genuenetik, geure abesti propioak sortu eta grabatu gura genituen, gure abestiak ezagutzera ematea gura genuen”, aitortu dute. Maketa atera izanak “abestiak bildu eta zabaltzeko aukera” suposatzen du talde berriztarrarentzat. Grabazioaren ideia Otxandion jo zuten kontzertu batean jarri zen martxan, Durangaldeko maketa lehiaketa irabazi zuten Desore taldekoekin elkartu zirenean. “Egun horretan, barre artean galdetu genien ea posible izango zuten gure maketa grabatzea, eta, abuztuan, bi astez izan ginen grabatzen, Igorren eta Berrizen”.

Astiro egindako lana dela diote. Landu eta zaindutako maketa honetan, “bost abestietan estilo ezberdinak nahastu ditugu, maketa norabide bakarrekoa ez izatea gura genuen, denetarik egotea”, adierazi dute.

Maketa emailez eskatu ahal da, kohatumetal@gmail.com helbide elektronikora idatziz. Berrizko Guzur eta Ganeko-Etxe tabernetan, eta Durangoko Izki tabernan ere badago salgai. Durangaldeko beste leku batzuetan ere saltzea espero dute. Galdakaoko Garagarza Tattoo-n zein beraien kontzertuetan ere izango dute salgai maketa.

Talde berriztarrak Durangoko Azokan hitzordua dauka aurten. Ahotsenean joko dute, abenduaren 2an, 14:20an. Azokakoa ez da azkena izango, kontzertu gehiago lotzen ari dira-eta Durangaldean, eta musikaz gozatzen jarraitu gura dute.“Motibatuta gaude jotzen jarraitzeko, eta, posible balitz, urtebete edo urte bi barru CDa grabatzeko”. Kaleratu berri duten maketa honen bidez euren musika ezagutzera ematea gura dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!