Hiru musikarik Xabier Amurizaren poesia interpretatuko dute, bihar

Anboto 2016ko urr. 20a, 12:42

Xabier Amurizaren bertsoak eta olerkiak ardatz dituen Torreburutik mundura izeneko emanaldia eskainiko dute, bihar, 22:00etan, Berrizko Kultur Etxean.

Fran Lasuen eta Joe Gonzalez musikari zornotzarrek eta Jose Luis Canal bilbotarrak osaturiko hirukoteak eskainiko du Amurizaren letretan oinarrituriko kontzertu hori. Letra oso ezagunei zein ezezagunagoak direnei doinua ipini diete Torreburutik mundura ikuskizunerako. Kantatu eta biolina joko du Fran Lasuenek, klarinetean eta saxoan arituko da Joe Gonzalez, eta pianoa joko du Jose Luis Canalek.

Amurizaren laguntzagaz, Lasuenek burutu zuen ikuskizun honetarako letren hautaketa. “Duela ia bi urte enkarguz etorritako lana izan zen, eta oso gustura egin nuen: beti da plazerra eta ikasbidea Amurizagaz lan egitea”, dio. Xabier Amurizaren testuen “mikroantologia” hori osatu, eta “ikuskizun oso berezia” sortu dute musikariek.   

2015eko maiatzean, Zornotzako Eleizetan programaren barruan eskaini zuten Torreburutik mundura lehenengoz, eta Berrizko biharkoa arte ez da emanaldia entzuteko beste aukerarik egon.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!