"Joan naizen frontoi denetan zaleen berotasuna sentitu dut; oso polita da"

Anboto 2016ko ira. 16a, 09:21

Erretiroa iragarri zuenetik, hainbeste maite izan duten zaleak agurtzen dihardu Pablo Berasaluzek kantxaz kantxa. Hamaika omenaldi jaso ditu tartean. Hurrengo agur partidua Iurretan izango du, irailaren 25ean, San Migel jaien barruan. Urte askoan gertuko lotura izan du herriagaz zein pilota klubagaz. 17:00etatik aurrera, Mikel Larunbegaz bikotea osatuz, Oinatz Bengoetxearen eta Ibai Zabalaren kontra jokatuko du. Sarrerak (20 euro eserita, 10 zutik) Iurretako kultur etxean erosi daitezke goizetan, eta Olaburu pilotalekuan arratsaldetan.

Agurrez beteriko uda daramazu. Iurretan eskainiko dizuten agur partidua zertan bereizten da besteetatik?
Toki denetan jaso ditudan omenaldiak edo jokatu ditudan partiduak politak eta bereziak izan dira. Ez nuke bat besteen gainetik bereiztu nahi. Joan naizen frontoi denetan jende asko egon da, eta zaleen aldetik berotasuna sentitu dut. Oso polita da, eta esker oneko nago.

Berrizen, zure sorterrian, egin zizuten omenaldi partidua zelan gogoratzen duzu?
Bat bereiztekotan Berrizkoa bereiztuko nuke. Berriztarra naiz, han hasi nintzen pilotan, han eman dut bizi osoa, eta omenaldi hura oso berezia izan zen. Durangon ere jokatu nuen, han ere omenaldi txiki bat egin zidaten, eta eskertuta nago.

Iurretako partidua ez da kasualitatea. Urte askoan gertuko hartuemana izan duzu Iurretagaz eta herriko pilota klubagaz.
Orain urte askotatik daukat hartuemana. Pilota klubean Miguel Azkune zegoenetik. Orduan, galdetzen zidan ea frontoira joan nintekeen mutilekin egoteko eta eurekin pilotan apur bat aritzeko. Gerora, Valenegaz —Calleja, Olaburu pilota klubeko kidea— ere ondo konpondu izan naiz beti. Ez naiz, beharbada, pilotarien euren gain-gainean eta kantxan egon sarritan, baina ahal nuenetan pilotalekutik pasatzen ahalegindu naiz. Ume asko ikusi ditut hazten eta pilotari egiten. Hori oso polita da. Bada urtebete inguru askorik ez natorrena, baina, bai, urte askoan ordu dezente eman ditugu Olaburun (pilotalekua).

Ume ziren horietatik profesionaletarako bidea egin duenik ere bada. Aitor Elordi mallabitarra, esaterako, urte batzuetan Iurretan entrenatu da.
Bide hori egiten dutela ikustea oso polita da. Beharbada, politena Iurretakoa bertakoa den pilotariren bat profesionaletara heltzea litzateke. Gauzak ondo egiten ari direla uste dut, eta zergatik ez hemendik urte batzuetara Iurretako pilotari bat hor goian?

Bilboko azkenaren aurretik, zenbat partidu geratzen zaizkizu?
Zazpi bat. Hurrengoa Bermeon, gero Soria inguruan, 19an, eta 21ean Logroñon, 25ean hemen (Iurretan), eta urriaren 1ean Bilbon. Beharbada, Errioxa inguruan besteren bat ere jokatuko dut. Denak gozatzekoak izango dira. Uztailetik hona hilean 10 bat partidu jokatu ditut. Denak ondo joan dira, eta ea berdin amaitzen dugun.

Bilboko hitzordua gero eta hurrago dago. Urduri zaude?
Momentuz ondo nago, bitartean partiduak ere baditut eta. Baina eguna hurreratzen doan heinean… pena ere sentituko dut. Bizitza osoa pilotan eman ostean, egun berezia izango da.

Zelan daramazu azken txanpa hau kantxetatik kanpora? Denek zugaz egon gura, telefonoak bakerik ez…
Bai, dei asko dira, baina normala da, eta polita ere bai interes hori ikustea. Denetarako denbora ateratzen asmatu behar. Hedabideak ahalik eta ondoen tratatzen saiatu naiz beti, eta ea hemendik eta Bilboko hitzordura bitartean gura duten denekin egoteko modurik badaukadan.

Abuztuan, Bilboko Aste Nagusiko partidu batean, profesionaletako zure milagarren partidua jokatu zenuen. Datu horrek zer diotsu?
Egia esanda, ez nekien enpresako batek esan zidan arte. Partidu asko dira, bai, eta polita da. Azkenean, 1008-1010 bat jokatuko ditut. 19 urteko ibilbide polit baten isla dela uste dut.

Zer asmo duzu etorkizunera begira?
Momentuz ez daukat ezer. Orain aurretik ditudan partiduetan zentratuta egon gura dut. Gero, ikusiko dugu. Bizi osoa pilotan emanda, pilota munduari lotuta jarraitzea gurako nuke.

Pablo Berasaluze ezagunena zara, baina ez bakarra. Izen-abizen bereko loba gaztea ere pilotazalea da, ezta?
Bai, lobak lau urte ditu, eta gazte-gaztetatik pilotan eta frontoietan dabil. Afizioa badauka, eta pilotan ondo egiten du, baina, inportanteena ikastea eta ikasketak dira. Horrez gainera, pilotan egiten badu, oraindino hobeto. Pilotari izatea ez da erraza, eta frontoian ordu asko sartu behar dira.

‘Artista’ berba zure izen-abizenei lotuta entzun dugu urte askoan. Aurrerantzean, nor ikusten duzu berba horren oinordekoa hartzeko moduan?
Argi dagoela uste dut: Mikel Urrutikoetxea. Txapeldun handi bat daukagu Bizkaian. Nik beti esan dut, jaio zenetik Mikelek pilotan egiteko sena daukala, eta azken urteetan garbi ikusi da. Denean txapeldun geratu da, eta hori oso gutxik lortzen dute. Oraindik ibilbide luzea dauka aurretik, eta Bizkaiak pilotari handi bat dauka, urte askotarako. Beste pilotari bizkaitar batzuk ere badatoz, eta uste dut ondo ordezkatuta egongo garela.

Danel Elezkanok ere gorakada eman duela iruditzen zait.
Bai, aspaldi honetan hainbat partidu jokatu ditut bere kontra, eta oso ondo dabil. Ea bide horretan jarraitzen duen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!