Bihar zikloturista martxa egingo dute Berrizen

Anboto 2016ko eka. 4a, 10:15

Domeka honetan zazpigarren aldia egingo du Berrizko zikloturista martxak, eta berrehun bat txirrindulari batuko ditu. Orografia gorabeheratsua duen 120 kilometroko ibilbidea prestatu dute antolatzaileek.

Berriz Bizikletari Elkarteak eta Berrizko Udalak askotariko babesle eta boluntarioen laguntzagaz antolatzen dute martxa. Bizkaiko federazioaren egutegiaren barruan dago, eta ez da lehiakorra, baina amateur zein goi mailako kirolarientzat hitzordu aproposa dela uste dute antolatzaileek. Irati Extreme, Quebrantahuesos zein Iraupen Luzeko BIBE TransBizkaia eta halako probak prestatzeko entrenamendu aproposa izan daiteke, besteak beste, 2.000 metroko desnibel positiboa duelako. Amateurrek, aldiz, martxa lasai hartu eta ibilbideak gordetzen dituen paisaia ederrak gozatu ditzakete.

Irteera neutralizatua 09:00etan egingo dute, Berrizko udaletxetik; amaiera ere toki berean izango da. Irteera ofiziala Muniketa magalean emango dute. Ibilbidean zehar hornidura puntu bi egongo dira: Ispasterren (60. km) eta Ixuan (100. km). Amaieran, dutxa zerbitzua eta ogitartekoak egongo dira parte-hartzaileentzat.

Aurretik izena  eman ez dutenek egunean bertan emateko aukera izango dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!