‘Dadnos precipicios’ lana aurkeztuko du Egon Soda seikoteak, Berrizen

Anboto 2016ko mar. 17a, 10:00

Iazko urrian kaleratu zuen Dadnos precipicios izeneko diskoa aurkeztuko du Egon Soda talde kataluniarrak, martxoaren 19an, 20:00etan, Berrizko Kultur Etxean. Hamar kanta biltzen dituen diskoa da Dadnos precipicios, taldearen hirugarrena.

Kataluniako eta Estatuko talde ezagunetan musika sortzen hamarkadak daramatzaten Ricky Falkner-ek, Xabier Molerok eta Ferran Pontonek sorturiko taldea da Egon Soda. Pablo Garrido, Ricky Lavado eta Charlie Bautista ere proiektura elkartuta, seikote gisa dihardute azkenaldian, eta formazio horregaz etorriko dira Berrizen kontzertua eskaintzera.

Ferran Pontón taldekideak landutako letra esanguratsuen gainean, rock independentea egiten du seikoteak, folk eta pop ikutua duena. Pontonek azaldu duenez, disko honetako hamar kantak idazteko, Walt Whitman idazle amerikarraren poesia izan du inspirazio iturri.

Taldekideek eurek esana da, Dadnos precipicios disko honetarako, El hambre, el enfado y la respuesta edo Egon Soda aurreko lanetarako baino lan zorrotzagoa egin dutela.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!