Funamviolistas hirukotea ikusteko eta entzuteko aukera, Berrizen

Anboto 2016ko mar. 10a, 16:00

Ana Hernandez biolinista, Mayte Olmedilla biola-jotzailea eta Lila Horovitz kontrabaxista dira The Funamviolistas sortu duten hiru musikariak. Rafael Ruizek zuzenduta, ikuskizuna eskainiko dute, martxoaren 12an, Berrizko Kultur Etxean.

Hiru musikari horien proiektua bultzatzeko diru-ekarpena egin zuten 113 lagunen babesagaz osotu zuten ikuskizuna, eta 2013an egin zuten estreinaldia. 2014an zehar, 70 emanaldi baino gehiago eskaini zituzten, eta Max sari bat ere jaso zuten.

Jotzen zuten orkestratik kaleratutako hiru emakume dira ikuskizunaren protagonistak, hiri bateko banku batean elkar ezagutzen duten hiru lagun.

Musika eta antzerkia uztartzen dituzte emanaldian: musikatik dantzara, eta hortik antzerkira, berbarik barik, baina umore dosi handiarekin zuzentzen dira ikusleengana. Vivaldi, Grieg, Massenet, Bizet, edo  Piazzollaren obrak zein soinu bandak, jazzeko klasikoak edo tangoak izango dira entzungai.

Berrizko Udalak martxoaren 8aren harira antolatu duen programazioaren barruko emanaldia da The Funamviolistas hirukoteak eskainiko duena.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!