Pistako Euskadiko Txapelketa atzeratu egin dute eguraldiaren ondorioz

Anboto 2016ko mar. 4a, 11:14

Asteburuan Berrizen jokatzekoa zen, baina aurreikuspen meteorologikoek diotenari jarraituz, atzeratzea erabaki dute. Seguruenik udan jokatuko dute.

Belodromoa eta euria: elkarrengandik zenbat eta banatuago, hobe. Joan zen astean Berrizen jokatzekoa zen Pistako Euskadiko Txapelketa asteburu honetara atzeratu zuten euriaren ondorioz. Baina asteburu honetan ere ezingo dute egin, euria iragarrita dagoelako. Federazioak oraingoz data berririk ez jartzea erabaki du. “Seguruenik uda sartutakoan egingo dira”, diote federaziotik.

Euskadiko txapelketak erreferentzia moduan ere balio izaten die Espainiako txapelketara nor eraman jakiteko. Kadete eta junior mailako Espainiako txapelketak Aste Santuan izango dira. Beraz, txirrindularien sasoia zelakoa den jakiteko test batzuk egingo dituzte kategoria horietan. Datorren astean iragarriko dituzte egunak.  Test horiek erreferentzia moduan erabiliko dituzte Espainiako txapelketara eramango duten Euskadiko selekzioa osatzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!