Berrizen krosean arituko dira 200 gaztetxo domekan

Anboto 2016ko mar. 3a, 16:48

Aurten Berrizen hasiko dituzte Euskadiko Eskolarteko 35. Kirol Jokoak. Domeka goizean izango da, Berrizburun, futbol-zelaiaren ondoan diseinatutako zirkuituan.

Krosean 13 eta 14 urte arteko 200 bat gaztek parte hartuko dute. Mutilen kros lasterketa 11:00etan hasiko da, eta zirkuituari lau itzuli emango dizkiote. Neskek 11:20an ekingo diote probari, eta zirkuituari hiru buelta emango dizkiote helmugaratu aurretik. Ondoren, 12:15ean, sari banaketa egingo dute.

Neguko kirol modalitatea izaki, krosa izan ohi da Euskadiko Eskolarteko Kirol Jokoei hasiera ematen dien proba. Bilbon jokatuko dira aurten Eskolarteko Kirol Jokoak, maiatzean eta ekainean. Guztira, Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako 2800 neska mutil inguru elkartuko dira udaberrian; alegia, lurralde bakoitzeko haur-kategoria mailako kirolari eta talde irabazleak. Honako kiroletan lehiatuko dira: aerobic, xakea, atletismoa, saskibaloia, eskubaloia, txirrindularitza, futbol 11, futbol 7, areto futbola, gimnasia erritmikoa, herri kirolak, judoa, karatea, kirol egokitua, euskal pilota, errugbia, tenisa, mahai tenisa, boleibola, hondartza boleibola, eta igeriketa.

Kirol praktikaren bidez, gazteen artean bizi ohitura osasuntsuak sustatzea da Eskolarteko Kirol Jokoen helburua. Iaztik, kirol proba
 hauek gailu mugikorretarako aplikazio propioa ere badute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!