Irati Eguren: "Sormen prozesu berriei ekiteko baliatu dut Berrizko kultur etxeko erakusketa"

Anboto 2016ko ots. 23a, 16:00

Dena batuz izenburuko ilustrazio erakusketa ipini du Irati Egurenek (Durango, 1981), Berrizko kultur etxean. Otsailaren 28ra arte egongo da bertan ikusgai.

Dena batuz izena du erakusketak. Nondik dator izen hori?
Berrizko kultur etxean erakusketa egitea proposatu zidatenean, zerbait berria egiteko gogoa neukan. Argi neukan hilabete batzuk lehenago Durangoko Arteka liburudendan ipini nuen erakusketa bera ez zela izango. Berrizko erakusketa beste sormen prozesu batzuetan sartzeko aitzikia bat izatea gura nuen. Landu gura nituen gai batzuk neuzkan buruan, eta horiek batzea gura nuen. Hortik dator izenburua.  

Berrizko erakusketarako sortutakoak dira lanak, beraz.
Bai, erakusketa horretarako sortutako seriea da Dena batuz. Erakusketaren ibilbidea eskuinetik ezkerrera egin ezkero, bere begiradatik ipuin bat osatzea proposatzen diot ikusleari.

Etxeen irudiak agertzen dira erakusketako lan gehienetan.
Zurian dagoen orri horri beldurra kentzeko, aitzakia bat behar izaten dut sormen prozesu guztietan. Azken aldian nire obsesioak zeintzuk izan diren aztertu, eta hortik egiten dut tira. Teknikoki, arkatza eta urre koloreko tenperak izan dira kasu honetan, nire obsesioak. Elementu horiekin, ezinezko herriak sortzea erabaki dut. Italo Calvinoren Hiri ikustezinak liburuan oinarrituta joan naiz nire ilustrazioak sortzen.

Zenbat denborako lana izan da?
Bi hilabete inguru ibili naiz buru-belarri lan honetan. Edozelan ere, lehenago ere banerabilen ideia buruan: udatik nekien otsailean ipiniko nuela erakusketa Berrizen, eta ordutik ibili naiz buruari bueltaka.



Orain hilabete batzuk Durangoko Arteka liburudendan ipini zenituen zure lanak ikusgai.
Bai, Arte Ederretan Investigación y creación en arte master amaierarako egin nuen tesia zegoen erakusketa haren oinarrian. Herrian urperatzea liburua izan zen lan horren emaitzetako bat, eta erakusketa bestea.  

Urpekaritza saio bat proposatzen diozu irakurleari liburu horretan.
Bai, eta kasu horretan ere nire bizi esperientziatik jardun nintzen: arkitektura mundutik nator, eta ikuspuntu horretatik aztertua neukan Durangoko Alde Zaharra. Lan honetan, baina, hortik aldendu, eta beste ikuspegi batetik heldu nuen gaia. Filipinetan bizi izan nintzen, urpekaritza irakasten, eta esperientzia hark ere badu isla lan horretan: Durangoko Alde Zaharra Filipinetako itsasoan urperatu, eta irakurleari urpekaritza saio bat proposatzen diot. Irudi eta testu nahiko surrealistek osatzen dute liburua.

Webgunearen eta sare sozialen bitartez zabaltzen duzu zure lana, eta jarraitzaile asko duzu.
Bai, egia da erantzun ona jasotzen dudala. Filipinetan bizi nintzela, urpean nenbilela ikusten nuenak asko motibatzen ninduen, eta asko marrazten nuen. Irla txiki batean nengoen, eta han bururatu zitzaidan blog bat zabaltzea. Banekien ilustrazioa zela barruan neukan grina, eta oso zaila izan arren, horretara dedikatzea gura nuen.     

Sortzeko baldintza hobeak zeneuzkan han?
Bai, izan ere, gustora sortzeko, burbuila batean sartzea behar dut, gainontzeko gauzetan geldialdia egitea. Eta hemen bizi garen erritmoan, zaila izaten da hori. Nik ez daukat gaitasunik bi orduz sortzen egon, amaitu barik beste zerbaitetan hasi, eta ahal denean eta ahal den moduan, berrartzeko sorkuntza lana.

Marrazketa esperimentaleko saioak ere ematen dituzu.
Bai, eta asko gozatzen dut: niretzako ere erronka bat da. Filipinetatik bueltatu nintzenetik, hainbat tailer jaso ditut, eta horietan ikasitakoa partekatzen dut saio horietan.

Esperimentatuz sortzen duzu zuk ere?
Bai, nireek marrazki formalak ematen duten arren, oinarri esperimentala dute: ezinezko perspektiba batetik, edo pentsatu bako konposizio batetik abiatzen ditut... Modu horretan jardutea gustatzen zait, prozesuan neuk ere sorpresa hartzen dudalako.

Zertan diharduzu orain?
Ilustrazio mundurako sarrera izeneko tailerra emango dut maiatzetik ekainera, Bilboko Foru Liburutegian, eta horixe prestatzen dihardut.

Idazleren batekin kolaboratu duzu inoiz ipuin bat ilustratzeko?
Ez dut sekula egin, baina asko gustatuko litzaidake, erronka oso interesantea litzateke. Oraingoz, Aldiri arkitektura aldizkarirako eta Gaztezulorako ilustrazioak egiten ditut.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!