‘Olatu bat daukat sabelean’ ipuina aurkeztuko dute, otsailaren 26an, Berrizko Kultur Etxean

Anboto 2016ko ots. 23a, 09:30

Otsailaren 26an, 19:30ean, Berrizko Kultur Etxean aurkeztuko dute Miren Amurizak idatzi eta Sandra Hernandezek ilustratu duen Olatu bat daukat sabelean ipuina. Egileen ahotik jasoko dute Kultur Etxera bertaratzen direnek proiektu horren sorreraren berri, eta, zelan ez, ipuina ikusentzuteko aukera ere izango dute.

Datorren barikuko hitzordu horretarako prest edukiko dituzte argitaratu dituzten 200 aleak, eta bertan eskuratu ahalko da Olatu bat daukat sabelean, prezio sinboliko batean. Berrizko Udalak herritarren euskarazko sorkuntza laguntzeko daukan diru-laguntza jaso dute sei urtetik gorako umeei zuzenduriko ipuina argitaratzeko. Egileek aurreratu dutenez, liburuaren salmentatik batzen duten dirua euskarari loturiko herriko ekimenen batera bideratuko dute.

2014an abiaturiko proiektua da Amuriza eta Hernandezen elkarlanetik sortutako hau. “Etxepare ipuin lehiaketara bidaltzeko egin genuen lehen bertsio bat”, gogoratu du Amurizak. “Ez genuen irabazi, baina ordutik, lana ontzen jarraitu dugu”. Hainbat lagunen ekarpenekin joan dira lana borobiltzen. “Genero ikuspegiari loturiko hainbat aldaketa egin ditugu, esaterako”, gehitu du Hernandezek. “Hasieratik, argi izan genuen protagonistak genero aldetik mugatzerik ez genuela nahi, baina hasierako bertsioan amama ipini genuen zaintza lanetan”. Lagun batzuen ekarpena aintzat hartuta, rol horiei buelta eman diete: aititak dihardu, ipuinean, orain, zaintza lanetan.

Elkarrekin sortuz elkarrengandik asko ikasi dutela, eta sorkuntza prozesua oso polita izan dela azpimarratu dute sortzaile berriztarrek. Amurizak lehenago ere argitaratu izan ditu ipuinak, baina berak ilustraturiko ipuin bat argitaratzen lehen aldia izan du Hernandezek.

Negar egiteaz
Negarra eta negarraren inguruko emozioak dira ipuinaren gaia, eta irakurtzen duten helduei umeekin gaiaz berba egiteko aukera eskaini gura diete. “Beste emozio batzuk adieraztera ohituago gaude, baina negar, etxean eta bakarrik egiten dugu: ezkutatu beharreko zerbait bailitzan”, dio Amurizak. Ume zein helduok, barruko olatu horri ateratzen utzi beharko geniokeela uste dute liburuaren egileek.

Ikusentzuteko ipuina
Jokin Elortza musikariak grabatu eta editatu duen doinua, eta Sandra Hernandezek diseinaturiko animazioak biltzen dituen DVD bat ere prestatu dute libururako. Hainbat berriztarren ahotsean grabatu dute Olatu bat daukat sabelean: Aitzol Elortzak, Maixa eta Antxon Izarrek, Mikel Estebanek eta Aizpea Macarrok ipini dute ahotsa. “Proiektu honetan parte hartu dugun berriztar guztion elkarlan hori uste dut dela proiektu honen baliorik handienetakoa”, azpimarratu du Amurizak. Idatzi, ilustratu, bikoiztu eta grabatu, dena Berrizen egindakoa da Olatu bat daukat sabelean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!