Presion Break lider da areto-futboleko Hirugarren Mailan

Anboto 2015eko abenduaren 11

Durangaldeko areto-futbol talde denen artean, Berrizko Presion Break da, gaur egun, onena. Inor baino gorago daude: Hirugarren Mailan eta lider.


Bederatzi jardunaldi joan dira, ligako herena, eta berriztarrak sendo ageri dira. Etxetik kanpora jokatutako lau partiduak irabazi dituzte. Bihar, Tolosako Laskorain bisitatuko dute, bolada on horri eusteko esperantzagaz.

Elorrioko Buskantza sailkapenaren erdian dago. Presion Break ez bezala, etxetik kanpora kosta egiten zaio puntuak batzea. Asteburuan, sailkapeneko hirugarren dagoen Gallartako Meatzari Petronorren kantxan jokatuko dute.

Sasikoa Durango, eskualdeko hirugarren ordezkaria, larri dabil. Azken-aurreko tokian dago, eta partidu bakarra irabazi du orain arte. Domekan, 12:00etan, mailari eusteko borrokan arerio zuzena duen Ostadar taldea dator Durangora.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!