Hainbat urte dira Iparraldean trinket partiduak jokatzen hasi zenetik. Hasieran bi-hiru hilerik behin jokatzen zuen, eta “gaitza zen, Iparraldeko jokamoldea diferentea delako”. Gainera, Bizkaiko pilotari bat izanik, “lupagaz” aztertzen zuten: “Ondo jokatu edo maila eman ezik, bagenekien berriro ez deitzeko arriskua zegoela”.
Baina apurka-apurka hango jokamoldera egin da: “Aukerak ematen dizkidate, eta horregatik esker oneko nago. Banekien partidu batzuk jokatzen hasiz gero, Ipar Euskal Herriko jokamoldera moldatzen hasiko nintzela, eta horrela gertatu da, nire mailak gorakada izan duelako. Gehiago jokatu ahala, konfiantza irabazten da”. Horrela, emaitza onak ere heltzen dabiltza apurka-apurka. Orain hiru aste Baionako Alde Zaharreko saltokien elkarteak antolatutako binakako txapelketa irabazi zuen, Pascal de Ezkurragaz bikotea osatuta. Astelehen honetan, aldiz, atzelari beragaz Donibane Lohizuneko jaietako txapelketako txapeldunorde geratu da: “Trinketa zalez gainezka egon zen, eta partidu ona jokatu genuen. Beharbada ez da ulertzeko erraza, baina galdu arren, pozik nago”, dio, badakielako zaleen onespenak ia txapelak besteko garrantzia duela.
Gaur egun, Hego Euskal Herrian gutxi jokatzen du, eta Iparraldean gero eta gehiago. Aurrera begira, txapelketarik inportanteenetan muturra sartzea du helburu. Horretarako, datorren urtean Frantziako Txapelketan parte hartzen saiatuko da, buruz buru zein binaka, antolatzaileek, batez ere, txapelketa horretan nabarmendutakoei eskaintzen dietelako aukera.