Saroa Bikandi eta Cecilia Paganini: "Sortze prozesua oso gozagarria izan da: ideia piloa landu dugu elkarrekin"

Anboto 2015ko urt. 22a, 15:10

Zapatuan, 12:00etan, Berrizko Kultur Etxean aurkeztuko dute Bikandi ipuin kontalariak eta Paganini antzezleak ‘Ipuinen kobazuloa’ lana

Lehenengo esperientzia duzue biok binakako ipuin kontalaritza saio batean?
Saroa Bikandi: Bai, eta, egia esan, ez da batere formatu ohikoa. Ipuin kontalaritza ikuskizun bat sortzea proposatu zidaten Durangon, eta ez neukan bakarrik lan egiteko gogorik. Bestela ere lan asko egiten dut bakarrik. Oso gustuko dut Ceciliak duen lan egiteko modua, eta beragaz primeran pasatzen dut, eta elkarrekin lan egitea proposatu nion. Elkarrengandik asko ikasten gabiltza, eta elkarlanagaz asko gozatzen ere bai.
Cecilia Paganini: Sortze prozesua oso gozagarria izan da: ideia piloa landu dugu elkarrekin. Landutako ideia horietatik guztietatik ikuskizunerako aproposenak iruditzen zaizkigunak aukeratu ditugu, ondoren. Saroak oso ondo daki adin bakoitzean zer-nolako istorioak diren ondoen hartzen direnak, eta oso lagungarria izan da hori.

Zelan elkartu zarete?
C.P.: Duela hamar urte inguru, EHUko dantza ikastaro batean ezagutu genuen elkar. Gero, Durangora bizitzera etorri nintzen, eta topo egin genuen berriro: nik entseatzen nuen antzokiko sarreran zebilen lanean. Ordutik hona Saroaren ipuin kontaketa saioetara joaten naiz, eta bera nire antzezlanetara etortzen da.
S.B.: Bakoitzak bere esparruan lan egiten badu ere, antzeko gustuak dauzkagu, eta elkarlanerako Ceciliarengan pentsatu nuen.

Berrizko biharko emanaldiaren aurretik beste lekuren batean eskaini duzue ikuskizuna?
S.B.: Bai, Durangoko Liburutegian eta Bilboko Alondegian eskaini ditugu emanaldiak, eta oso erantzun ona jaso dugu. Oso pozik gaude: ikusi dugu funtzionatzen duela.

Zein adin tarteko haurrei dago zuzenduta ikuskizuna?
S.B.: 3 urtetik 8 urtera artekoei dago zuzenduta, baina helduek ere asko gozatzen dute.
C.P.: Nik askoz lan gehiago egiten dut helduentzat, pentsatzen dudalako, clown-aren umoreagaz helduak ondo pasatzen badu, umeak ekarri nahiko dituela.

Ikuskizuna osatzen duten ipuinak nondik hartuak dira?
S.B.: Asko irakurtzen dugu, eta ezagutzen ditugun ipuinetatik egin dugu hautaketa.  
C.P.: Nik seme-alaba bi dauzkat, eta asko begiratzen diot eurek eskatzen didatenari.

Zein da istorio guztiak lotzen dituen haria?
C.P.: Kobazuloa da hari nagusia, eta horri buruzkoa da lehenengo ipuina: ipuinen kobazulora etortzera gonbidatzen dugu jendea.
S.B.: Ipuinez, txistez eta kantaz beteta dagoen kobazulora geugaz etortzea proposatzen diegu emanaldiaren hasieran umeei.
C.P.: Umeek gorputza eta orainaldia sentituko duten ipuin bategaz hasi gura genuen. Momentua gozatzera gonbidatzen ditugu entzuleak.  
S.B.: Gero, Akerraren kanta, iratxoaren ipuina, eta berbak erosi egin behar diren herriari buruzko istorio ederra kontatzen dugu.

Zein izan da sortze prozesuko zailtasunik handiena?
C.P.: Ipuin kontalaritza saioa euskaraz izanik, eta nik hizkuntzagaz dauzkadan zailtasunekin, gustura zelan ibiliko nintzen pentsatzea izan zen elkartu gineneko erronka. Testurik erabili barik, nik zelan parte hartu nezakeen topatzea izan da helburuetako bat. Entseguetan hasi nintzen konturatzen emanaldiko une batzuetan nik ere zerbait esan gura nuela, eta erabaki genuen, nire eguneroko bizitzan bezala, euskaraz saiatzea. Ahal dudan bezala, hizkuntzak nahastuta komunikatzen naiz, eta saiatzen naiz euskaraz adierazten. Lotsarik batere ez daukat, eta, Argentinarra izanik, hizkuntzagaz egunero daukadan bizipena islatzen dut ikuskizunean. Edozelan ere, arte plastikoen arlokoa da emanaldietan nik egiten dudan lan gehiena: gorputzagaz, soinuekin edo hainbat objektugaz jolasten dut, Saroak istorioa markatzen duen bitartean.
S.B.: Azken finean gu bion ezaugarrietara eta posibilitateetara moldaturiko ikuskizuna da Ipuinen kobazuloa.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!