Naia Alzola eta Jose Antonio Diez Arriola onenak Berrizko ziklo kros proban

Anboto 2014ko aza. 24a, 10:03

Zirkuitu teknikoan, Alzola eta Díez Arriola izan ziren indartsuenak.

Iurretako CAF Transport Engineering taldeko Naia Alzolak garaipen berri bat lortu zuen atzo Berrizko ziklo kros proban. Honako denbora egin zuen: 50.34. Zaloa Trevilla sailkatu zen bigarren 2.15era. Gizonetan Jose Antonio Díez Arriola (52.21), Alain Mendijur eta Ivan Gonzálezek bete zituzten podioko hiru postuak. Azpimarratzekoa da Durangaldeko Ekaitz Barrainkua eta Ion Sarasuaren lana ere; Barrainkua zortzigarren geratu zen eta Sarasua hamargarren.

23 urtez azpikoan Jon Mikel Kareagak irabazi zuen; juniorretan Oier Ajuriagerrak eta Enara Lopezek, eta, kadeteetan Joseba Otaolak eta Andere Basterrak. Kadeteetan CAF Transport Engineering taldeko Saio Gilek Espainiako Koparako puntuagarria zen Naviako (Asturias) lasterketan parte hartu eta beste garaipen bat lortu zuen aurtengo denboraldian; bera da maila horretan Espainiako Kopako liderra.

Zuazubiskar lider pistan

Bestalde, Gipuzkoako Pista Saria hasi zuten asteburuan Anoetako Antonio Elorza belodromoan. Bederatzi jardunaldik osatzen dute txapelketa hori eta lehen liderra Illart Zuazubiskar abadiñarra da. Hiru probatik bi irabazi zituen eta bestean bigarren geratu zen.

Daniar izeneko proban Zuazubiskarrek esprint estuan menderatu zituen Unai Tolosa eta Cesar Octavio. Puntuaketa proba ere abadiñarrarentzat izan zen. Jon Irisarri, Francisco Villarroel eta hirurak izan ziren aurkariei itzuli bat ateratzen bakarrak. Scratch-ean Tolosa izan zen onena Zuazubiskarren aurretik. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!