Ainara Legardon: "Etxera bueltatu, eta bira hemen abiatzea oso atsegina da"

Anboto 2014ko urr. 30a, 10:17
Argazkia: Dani Arrizabalaga

Berrizko kultur etxeko zapatuko kontzertuagaz abiatuko du Ainara Legardonek (Bilbo, 1976) ‘Every minute’ diskoa berriaren aurkezpen bira.

Every minute diskoa kaleratu berri duzu. Zer sentsazio duzu?
Disko bat kaleratzen dudan bakoitzean bezala, batetik, abentura berri bat hastera doalako sentsazioa dut. Bestetik, disko honen produkzio lana oso handia izan da, eta, aurrekoek baino arrasto handiagoa utzi didanez, lasaitze moduko bat sentitu dut.

Mimo handiz eta autoekoizpenaren bidez kaleratu duzu diskoa. Zergatik autoekoitzi?
Nire obraren gaineko kontrola mantentzea ahalbidetzen didalako, eta musika arloko negozioek eta guztiz gaitzesten ditudan industriaren mekanismoek zehazten duten bidetik kanpo ibiltzeko aukera ematen didalako.

Bidaiaren ideia da disko honetako gai nagusia?
Bai, diskoko kanta guztiak azken zazpi urteetako nire joan-etorrietan konposaturikoak dira: gaur egun naizena izatera bultzatu nauten gertakariak bizi nituen bitartean sorturikoak.

Zelakoa izango da Berrizko biharko kontzertua?
Bira abiatuko dugu Berrizko kontzertu horregaz, eta disko berriko kantak ez ezik, aurreko lanetako kantaren batzuk ere joko ditugu. Ruben Martínez baxu-jotzaileagaz (Maika Makovski eta Tokyo Sex Destruction taldeagaz jo izan du) eta Hector Bardisa bateria-jotzaileagaz (Flyingpigmatanza musika taldeko kidea) etorriko naiz.

Azken urteetan atzerrian asko jo duzu. Berezia da bira Euskal Herrian abiatzea?
Etxera bueltatu, eta bira hemen abiatzea oso atsegina da. Berrizkoaren ostean, domekan, Markinan joko dugu, gainera.

Abenduan autogestio musikalari buruzko tailerra gidatuko duzu Berrizen. Zertan datza?
Zortzi orduko tailerra da, eta bertan nire esperientzia eta tresnak transmititzen ditut, autogestionaturiko proiektu bat gauzatu gura duenak informazioa eskura dezan. Parte-hartzaileek baliagarri izan ditzaketen ideiak eta alternatibak eskaintzen saiatzen naiz.

Esperimentalagoak diren hainbat proiektu sortu dira azkenaldian gurean. Zer deritzozu?
Oso interesgarriak iruditzen zaizkit azken urteetan esperimentazioaren arloan sorturiko hainbat proiektu: Mursego, Amorante, Joseba Irazoki, IbonRG, Inazio Escudero eta Naiel Ibarrolaren lanak, esaterako. Rockean ere konbentzionalenak ez diren proposamenak ditut gogoko: Lisabö, Borrokan, Inoren Ero Ni eta Akauzate. Bestetik, asko poztu nau Willis Drummond taldearen arrakastak ere, eta oso hurreko sentitzen dut MobyDick, esaterako.

Hamarkada bi daramatzazu musikan. Zer oroitzen duzu hasierako urteez? Zelan imajinatzen duzu zure burua eta musika hamar urte barru?
Hasierako urteetan ikasi nuen gauzak nola ez ditudan egin nahi: horrek eraman ninduen autoekoizpenera. Hemendik hamar urtera bakarrik ez, bizi osoan imajinatzen dut nire burua egiten dudanagaz gozatzen, eta egiten dudana maitatzen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!