Iazko moduan, umeek botako dute aurten San Pedro eta Santa Isabel jaien lehenengo txupina. Pregoi txikiaren ostean olinpiadak eta askaria izango dituzte, eta 19:00etan izango da helduen pregoia, aurten 15 urte bete dituen gazte asanbladaren eskutik. Ostean, jaietako kartel lehiaketako sariak banatuko dituzte. Ohikoa den legez, sariak banatutakoan sardina-jana prestatuko dute.
Txosnak txupinazoaren ostean zabalduko dituzte. Jai giroa txosnagunera zabaldu guran, Txosna 1, joko 1 jokoa prestatu dute.
Paella lehiaketa
Paella lehiaketa izaten da Berrizko jaietako ekitaldirik jendetsuena. Iaz 1.600 lagun bildu zituen ekintza horrek. Bihar, Kuadrillen Egunean, egun osorako plana eskainiko du. Goizeko 10:00etan lekua hartzera joan, eta 14:00ak arteko tartea izaten dute parte-hartzaileek arroza eta bere osagarriak ahalik eta gozoen prestatzeko. Bazkaldu eta gero, gauerdira arte udaletxeko lorategian egoteko aukera izaten da, hortaz, talde askok bazkalostea luzatu, eta afaria ere bertan egiten dute.
Gazteentzako ekintzak
9-16 urte arteko gazteentzat egitarau erakargarria prestatzea zaila izaten da sarritan. Adin tarte horri begira, Jai Batzordeak goming, bola zirkuitua, multimedia, jolasguneak eta kirolguneak atonduko ditu Berrizburu kiroldegian, uztailaren 1ean. Aurreko egunean bits jaia ere izango dute.
Umeek ere izango dute jai egitarauko ekitaldietan parte hartzeko aukera, ekainaren 30ean, kiroldegian prestatuko duten umeen jolas parkean. Gari, Montxo eta Joselontxo pailazoek ere Kontxo kontxo ikuskizuna aurkeztuko dute uztailaren 2an, eskolako patioan.
Musika eskaintza
Musikak protagonismo handia izango du jaietan. Egan, DJ Robert, Ezten Giro eta Luhartz taldeek erromeria doinuak ekarriko dituzte Berrizera. Kontzertuei dagokienez, The Capaces, Estricalla, Cobra, Cohen eta Minor Empires taldeak txosnaguneko taula gainera igoko dira. Curioso periplo taldeak eta herriko musika taldeek ere zuzenekoak eskainiko dituzte.
Jaiei amaiera emateko, su artifizialak jaurtiko dituzte uztailaren 2an.