"Jaietako txupinazoa botatzea gure mezua herrira zabaltzeko aukera bat da"

Anboto 2014ko ekainaren 26a

Barikuan, Hiltegixe gaztetxeko kideek edukiko dute Berrizko jaiei hasiera emateko ardura. Eurek jaurtiko dute hasierako txupinazoa, eta zin egin dute ez dela ohikoa izango. Hori bai, sorpresa lez mantenduko dute azken momentura arte. Duela hamabost urte jaio zen Hiltegixe, eta efemeride horren bueltan jaso du txupinazoaren omena.

 

Gaztetxea biziberritzen saiatzen dabiltza gazte batzuk, eta herrira zabaldu gura dute. Dunixe Narbaiza, Xabat Olariaga, Oihana Alberdi eta Sandra Hernandez dira euretako batzuk. Txupinazoa euren helbururako aprobetxatu gura dute, Hernandezen arabera: “Jaietako txupinazoa botatzea, gure mezua herrira zabaltzeko aukera bat da”.

1999ko otsailean okupatu zuten Berrizko hiltegi zaharra. Gazteek euren aisialdia garatzeko espazio bat izango zuten hortik aurrera, eta mugimendu indartsua piztu zen. Alberdik gogoratu du lehenagotik zetorrela mugimendu hori: “Hau okupatu baino lehenago asanblada piloa egin zen”. Gainera, beste arlo batzuekin lotuta ere sasoi bizia zen. “Intsumisio taldea sortu zen, presoen aldeko mugimendua... Musika lokala ere hemen zegoen, eta mugimendu gehiago ikusten zen”. Era naturalean jaio ei ziren dinamika horiek. “Berrizen gaur egun egiten diren hainbat ekintza gaztetxetetik irten ziren. Jaietako bazkaria, kuadrillen igoera eta sanjoanak, adibidez”.

Indarretik ahulera
Baina hamabost urtean, momentu onak lez txarrak ere egoten dira. Gaitza izaten da bolada onari eustea, belaunaldien arteko transmisioa iraunkortzea. Hiltegixek ere ahul pasatu ditu urte batzuk, eurek aitortu lez. Bizi ohiturak aldatu dira, eta gazte gehienak lokaletan batzen dira gaur egun. “Okupatu zenean ez zen egon lokalen moda hori”, adierazi du Hernandezek.  Izan ere, gazteak kalean zebiltzan sasoi horietan.


Indartzeko prozesua
Baina, indarralditik ahultasunerako pausoa eman zen lez, kontrako norabidea egin gura dute orain. Gaztetxea herrira zabaltzeko asmoa daukate, eta  gazteak bertara hurreratzera animatuko dituzte. Jaiak eta uda igaro ostean, barne prozesu bat garatuko dute; eztabaida eman, eta ideiak argitzea da euren helburua: “Ideia piloa daukagu, baina zurrunbiloan sartuta gaude, eta azkenean ez ditugu aurrera eramaten”, esan du Hernandezek. Prozesu horretan parte hartzeko gonbidapena egin du Olariagak: “Badirudi beldurra dagoela iritzia emateko. Asanblada zabaltzea gura dugu. Irailetik aurrera jendea animatu dadila hona etortzera”. Ateak zabalik daudela, eta gura dutenean joateko eskaintza egin du Narbaizak.


Gaztetxearen izaera
“Herriko gazte guztiak elkartzeko leku bat”. Horrela definitu du Hiltegixe Narbaizak. Baina harago joan da Alberdi; bere ustez, ez gazteentzako bakarrik, beharrizanen bat daukan edozeinentzako leku bat da. Azaldu du, gainera, datorren urterako ikastaroak prestatzeko asmoa daukatela, beharrizan horien araberakoak. Adibide lez ipini ditu mekanika tailerra eta dantza ikastaroak.

Aurten hasi dira biziberritzeko norabide horretan. Abortuaren aldeko astea egin zuten, presoen inguruko ekintzetan batu ziren, eta kontzertuak ere programatu dituzte. Olariagak azaldu du herriko beste elkarteen ekintzetan ere laguntzen saiatzen direla, elkarlanaren bidez.


Jaietan, txosnagunean
Berrizko jaietan txosnagunean egongo dira gaztetxekoak, urtero lez txosna ipiniko dute eta. Txosna Batzordean parte hartzen dutela esan dute, baina egitarau ofizialean ere bai. Jendea txosnagunera hurreratzera animatu du Olariagak, eta bertan denetarik topatuko dutela dio:  kontzertuak, bazkariak...
Narbaizak esan du aurtengo txosnaguneko bazkarirako herritar bakoitzak bere jatekoa eraman beharko duela, eta horrela hasierako formatura bueltatuko direla.

Txosna gazteak batzeko leku bat izango da. Gainera, ekonomikoki garrantzia dauka; izan ere, urte osoko dinamikak ordaintzen lagunduko die, Hernandezen arabera.

 

Erasorik ez
Argi daukate jaiak ez direla parranda egiteko bakarrik; lanerako ere badirela nabarmendu dute. Gaztetxearen balioei eta identitateari eutsiko diete herriko ospakizunean ere. Horri lotuta, izaera zabala eduki arren, uste dute ez dela libre nahi den guztia egitea. “Txosnagunean ez dugu onartuko eraso sexistarik eta homofoborik”, adierazi du Olariagak.

Hiltegixe biziberritzeko prozesu bat egin gura dute, eta txupinazoa izango da, seguruenik, horretarako abiapuntua.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!