Berrizen hasita, martxa zikloturista bihar, Bizkaiko kostaldean zehar

Anboto 2014ko ekainaren 7a

Domekarako V. Martxa Zikloturista antolatu du Berriz Bizikletari Elkarteak. Urtero legez, bizikletagaz gozatzeko, eta Bizkaiko barrualdea zein kostaldea ezagutzeko modua egongo da domeka honetan, Berrizen hasi eta amaituko den martxan.


Martxa 09:00etan hasiko da, Berrizko udaletxearen parean. Aurtengo ibilbideak 120 kilometro ditu, eta zatirik handiena Bizkaian izango da, baina Gipuzkoan ere sartuko dira azken tartean. Iurretako Arriandin Oromiñorantz sartu, eta handik Muniketa igoko dute, martxako lehenengo mendatea. Goraino heldu aurretik, Asteiko bidegurutzean Urrutxuarantz eta Mendatarantz hartu, eta, Gernikatik aurrera, kostaldean sartuko dira Laidatik. Kostaldetik egingo dituzte hurrengo 45 kilometroak: Ibarrangelu, Natxitu –igoera labur baten ostean–, Ea, Ispaster, Lekeitio eta Ondarroa. Gero bueltako bideari ekingo diote Berriatutik, Markinatik eta Etxebarritik. Kilometro gutxi batzuk Eibarko lurretan egin ostean, Areitio gainetik Berrizera itzuliko dira, udaletxe parean martxa amaitzeko.


Parte-hartzaile guztiek hornidura puntu bi izango dituzte: Ispasterren eta Ixuan. Martxaren amaieran luntxa eta dutxak ahalbidetuko ditu antolakuntzak.


Izen-ematea aurretik egiteko epea gaur gauerdian amaituko da: www.berrizbizikletarielkartea.com. Federatuek 10 euro ordaindu beharko dute, eta 20 federatu gabekoek. Egunean bertan ere badago izena emateko modua probaren aurretik: 15 euro ordaindu beharko dute federatuek eta 25 federatu gabekoek, asegurua barne.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!