Ibai Zabala: "Argi dut Estebanen aurka ezin naizela espekulatzera irten"

Anboto 2014ko mai. 31a, 09:00
Irabaziz gero, profesionaletan lehen finala jokatuko luke buruz buru
Profesionaletan buruz buruko lehenengo finalerako sailkatu daiteke gaur Ibai Zabala (Berriz, 1987). Binaka badu Promozio mailako txapel bat, baina buruz buru aurrenekoz sailkatu da finalerdietarako, Miguel Merinori 22-14 irabazi ostean. Ondo ezagutzen duen Labrit pilotalekuan Victor Esteban izango du parez pare, Errioxako aurrelari bizia.


“Banuen final laurdenetako hesitxo hori gainditzeko gogoa”, dio berriztarrak. Afizionatuetan zebilenean, buruz burukoan nabarmendu egiten zen; baina, profesionaletan, orain arte “gauza bategatik edo beste bategatik ez dut nirea eman”. Azken urteetan buruz buru jokatzeko moduak izan duen aldaketak ere zerikusia izan duela dio; berarengan zein atzelari denengan.


Alde horretatik, final laurdenetan atzelari baten kontra jokatzeak mesede egin zion. Baina Victor Esteban aurrelaria da, eta airez asko sartzen den horietakoa. Zabalak dio ausart jokatzen saiatuko dela, saketik bertatik hasita: “Arriskuak hartuko ditut sakean. Argi dut ezin dudala espekulatzera irten. Gaur egun, aurrelari baten aurka espekulatzera irtenez gero, oso gaitza da irabaztea”. Partiduan garrantzitsua izango da arerioaren hutsuneak bilatzea: “Eskuma itzela du, eta sotamanoz zein boleaz oso ondo moldatzen da. Ahal dela, botez eta ezkerragaz jokatu dezan saiatuko naiz. Berak deseroso jokatzea da helburua”.


Gaur egun, buruz buruko tanto asko azkarrak izaten dira, aurrelari asko airearen bila joaten direlako. Beraz, denbora gutxian hartu behar dira erabakiak: “Entrenamenduetan alderdi hori asko landu dugu: une konkretuetan erabaki egokiena hartzearena. Azken batean, pilotariak argi izan behar du jokatzeko patroia, baina partidu batean egoera ugariren aurrean dago, eta prestatuta egon behar du egoera horiei aurre egiteko”. Horregatik, aurten entrenamenduetan behinena ez zen 22ra heltzea, gabezia eta egoera berezi horiek lantzea baino. Beste faktore bat esperientziarena da. Estebanek profesional mailako lehenengo txapelketa du, eta Zabalak hainbat urtetako esperientzia. Esperientzia hori bere onerako erabiltzen saiatuko da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!