Kaleko pintura lehiaketa egingo dute Berrizen

Anboto 2014ko mai. 10a, 09:00
Kaleko pintura lehiaketaren XV. edizioa antolatu du Berrizko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiaren babesagaz. Gaur, herriko kale edo txoko berezia eta gustukoa aukeratu, eta bertatik bertara ariko dira margolariak lehiaketara aurkeztuko duten lana gura duten materialagaz eta nahi duten formatuan osatzen.


Bizkaiko hainbat herritatik zein Euskal Herriko beste lurraldeetatik euren lanabesak hartuta etorriko dira 16 urtetik gorako margolariak, Berrizko lehiaketan parte hartzera.


Berrizko Kultur Etxean 09:00etatik 10:00etara zigilatuko ditu antolakuntzak margolariek erabiliko dituzten euskarriak, eta 14:00etatik 14:30era aurkeztu beharko dituzte artistek euren lanak –sinatu barik, eta autorearen datu pertsonalak jasotzen dituen formularioa beteta–.


Azken edizioetan bezala, lau sari banatuko ditu epaimahaiak parte-hartzaileen artean: 600 euroko lehenengoa, 500eko bigarrena, 400eko hirugarrena eta lehenengo sailkaturiko berriztarrarentzat 300 euroko saria.


Gaur bertan, Berrizko Kultur Etxeko 18:00etako ekitaldian emango dituzte irabazleen izenak jakitera. Ondoren, aurreko edizioetan bezala, lan guztiak Kultur Etxearen sarreran ipiniko dituzte erakusgai.
Iaz Antón Urreisti mendaroarrak jaso zuen lehiaketako sari nagusia, Óxido en el ambiente lanagaz. Berrizko margolari baten lanik onena, aldiz, Txomin Pinillaren Desde el cementerio izendatu zuen epaimahaiak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!