Tren Geltokiko Kontzertuak: maiatzeko lau hitzordu

Anboto 2014ko mai. 2a, 12:19
Berrizko Kultur Etxean izango dira maiatzeko Tren Geltokiko Kontzertuak deitu duten zikloaren barruko zuzeneko musika emanaldiak. Domeka honetan, Europan zehar biran dabilen Be Forest taldeak zabalduko du eskaintza.

 

Italiako laukotea da Be Forest. Otsailean kaleratu zuen Earthbeat autoekoitziriko diskoa aurkezten dabil; kanta “soil, baina erromantikoz” eta “hipnotikoz” osaturiko lana. Hirukote bezala, 2011n kaleratu zuen Cold izeneko lehenengo diskoa, eta bigarrenerako laugarren kide bat batu da taldera: elektronika gehitu dio gitarra, bateria eta ahotsa zeuzkan taldeari.

Bartzelonako The Last 3 Lines taldea ariko da Tren Geltokiko Kontzertuen zikloko bigarren hitzorduan: maiatzaren 9an. Rock psikodelikoa eskainiko du.

Euskal Herrian bizi diren musikari bi ere ariko dira. Maiatzaren 23an, Donostian bizi den Luke Amstrong ariko da bere gitarragaz. Ingalaterran jaiotakoa da, baina Irlandako eta Eskoziako sustraiak ditu, eta folk tradizionalean oinarrituta sortzen du musika.

Maiatzaren 31n, Kultur Etxean barik, Andikoako Andra Mariaren baselizan izango da zikloko azken kontzertua. Amaren Alabak taldeko kantari zuberotarrak ariko dira Berrizen:  Maider eta Graxi Bedaxagar, Lüxi Agergarai, Arantxa Camus, Ihitz Iriart eta Maika Etxekopar.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!