Pedro Davila: "Saskibaloiak inoizko indarrik handiena du Berrizen"

Anboto 2014ko api. 27a, 09:00

Orain dela 24 urte Berrizko saskibaloi taldean hasi zen jokatzen, eta gaur egun taldeko koordinatzaile eta entrenatzaile da Pedro Davila berriztarra. Gainera, taldeak azken urteotako indar handiena du, 80 ume inguruk osatzen dutelako taldea. Hala ere, datorren urtera begira, taldeko aduradunen asmoa ume gehiagok izena ematea eta taldea handitzea da.


Noiztik diharduzu saskibaloiaren munduan?
Berrizen lehenengo saskibaloi taldea orain dela 24 urte sortu zen, eta ordutik hona nabil saskibaloiari lotuta. Garai hartan jokalari gisa hasi nintzen, baina pare bat urte bakarrik egin nituen saskibaloian jokatzen. Gero, taldea sortu eta bi urtera, orain dela 22 urte, entrenatzaile lanetan hasi nintzen. Hala ere, ez daramatzat 22 urte entrenatzaile lanetan: hasiera hartan zazpi urtez aritu nintzen, gero itxi egin nuen, eta orain dela bost urte berriz ere hasi nintzen.

24 urte hauetan Berrizko saskibaloi taldeak filosofiaren bati jarraitu dio?
Bai, urte hauetan guztietan gure helburu bakarra umeek kirola egitea eta saskibaloian jokatzen ondo pasatzea izan da.

Berrizen saskibaloiak inoiz ez du izan azken urteetan lortu duen besteko indarrik.
Bai, horrela da. Orain arte talde bat edo gehinez bi izaten genituen. Baina momentu honetan lau talde ditugu partiduak jokatzen eta, gainera, beste hogei ume ditugu entrenatzen. Guztira 80 bat ume izango ditugu une honetan. Saskibaloiak orain du azken urteotako indarrik handiena Berrizen; izan ere, sekula baino ume gehiago daude izena emanda saskibaloi taldean.

Zuen taldeetan mutil ala neska gehiago dago?
Berrizko saskibaloi taldea sortu zen momentutik beti izan dira neskak gehiengoa. Orain ere jokalarien %95 neskak dira, eta ditugun mutil apur horiek txikienen taldean ditugu.

Talde mistorik badaukazue?
Bai, talde bi ditugu mistoak. Txikienen taldeak mutilek eta neskek osatzen dute; hala ere, horiek entrenatu bakarrik egiten dute. Partiduak jokatzen dituzten lau taldeetan guztiak dira neskak.

Aberasgarriak al dira talde horiek?
Egia esan, talde horiek ez dute izaten etorkizun handirik, mutil edo neska horiek taldetik joan egiten direlako. Baina egia da polita dela horrelako talde batekin lan egitea.
 
Mutilen talderen bat sortzeko asmorik baduzue?
Gure asmoa, hasiera batean, datorren urtean mutilekin bakarrik osatutako talde bat egitea da. Orain, txikienen artean zazpi mutil daude, eta ahal izanez gero, horiekin talde bat sortuko dugu. Ezin bada, talde mistoren bat egitea da gure intentzioa. Hala ere, momentua heltzen denean ikusiko dugu ea zenbat mutilek jarraitzen duten.


Zenbat urtera arteko taldeak dituzue?
Talde nagusienak kadete mailan jokatzen du, hau da, 16 urte dituzten neskek osatzen dute.   Datorren urteari begira, guretzat garrantzitsua da neskaren batek izena eman nahi izanez gero, gure taldean izena ematea; hurrengo denboraldian  1998an jaiotako lau-bost neska beharko ditugu eta. Besteak, 13, 12, 9 eta 8 urteko umeak dira.

Lehengo udan umeentzako saskibaloi campusa antolatu zenuten.
Bai, eta, gainera, arrakasta itzela izan zuen. Guretzako erreferentzia diren Tabirakoko kideei galdetu genien ea beraiek campusa nola antolatzen duten, eta beraien laguntzarekin antolatu genituen udalekuak. Aipatzekoa da lehenengo urtea izateko herritarrek oso erantzun ona izan zutela: 40 umek eman zuten izena. Gurasoen eta herritarren laguntzarekin dena oso ondo irten zen. Instalazioen aldetik ere ez genuen arazorik izan, eta ume guztiak hiru kantxatan banatzeko aukera izan genuen.

Bukatzeko, aurten ere campusa antolatzeko asmorik?
Bai, aurten ere antolatuko dugu. Iaz bezala, arratsaldetan elkartzea izango da gure asmoa. Printzipioz, gure intentzioa izango da uztailaren 7an hasi eta hiru astez, astelehenetik ostegunera, arratsaldero ordu erdiz umeekin saskibaloia praktikatzea. Gainera, zortzi egunetik hamabi egunera luzatu nahi dugu campusa, lehengo urteko arrakasta ikusita. Beraz, herritarren erantzuna, beste behin, ona izatea espero dugu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!