'Ez da kasualitatea’ 'bertso saio musikatu eta feminista, martxoaren 14an, Berrizen

Anboto 2014ko martxoaren 10a

Lau bertsolari eta musikari bi ariko dira, martxoaren 14an, 20:30ean hasita, Berrizko Kultur Etxean, taula gainetik: Uxue Alberdi, Onintza Enbeita, Alaia Martin eta Miren Amuriza bertsolariek, eta Eneko Sierra saxofonistak eta Ixak Arruti gitarristak dihardute 'Ez da kasualitatea' ikuskizunean.

 

Maite Berriozabal berriztarrak emandako gaiei erantzungo diete lau bertsolariek. Umorea, jolasa, generoari buruzko gogoetak, emakumeen arteko konplizitatea, musika eta bertsoa uztartuko dituzte saioan. 

Ikuskizunaren sortzaileek ekimenaren izenburuagaz ere adierazten dutenez, azken urteetan bertsolaritzan emakumeak espazio handia irabazi duen arren, oraindik ere, zoritxarrez, ez da kasualitatea bertso saio baten kartelean emakumeen izenak bakarrik agertzea. 

Sortzaileen nahia, berandu gabe, emakumeak bakarrik kantari diharduten saioak, berez, urteko edozein egunetan eta pentsatu gabe antolatzea litzateke. Bitartean intentzio osoz eta argiz dihardute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!