Bira abiatuko du Etxek, bakarlari moduan hasi zela 10 urte bete direla ospatzeko

Anboto 2014ko martxoaren 5a

Bere herriko Hiltegixe gaztetxean, barikuan hasiko du musikari berriztarrak 10. urteurreneko bira; Iban Gurrutxagak lagunduta, akustikoan ariko da

 

Iñaki Etxezarraga Etxe berriztarra bakarlari moduan hasi zela hamarkada bat beteko da aurten, eta bira abiatuko du, barikuan, urtemuga hori ospatzeko. Berrizko Hiltegixe gaztetxean hasiko da, eta ekainean Berrizko San Pedro jaietan zerbait berezia eskaini gura du. Urte berezia izan zen 2.004.ena, eta Etxeren ibilbidean leku bereziak dira bi horiek: San Pedro jaietan, Berrizko txosnaguneko egitarauaren barruan jo zuen lehenengoz; eta Berrizko Gaztetxeko Aldapa maketa lehiaketa irabazi zuen azaroan. “Aldapa izan zen nire bultzada, horrekin etorri zen lehenengo diskoa, gero bigarrena, hirugarrena...”.

Azken urte bietan oso gutxi aritu da zuzenean Etxe: “Ilusio handirik ere ez dut izan. 2011n bakarlari moduan zein Trikizio taldeagaz ibili nintzen, Baga Biga diskoetxearen eskutik. Trikizio eta Baga Bigaren artean arazoak izan ziren, desadostasun handiak izan genituen. Taldearen zein nire kalterako izan zen dena. Orduan, guztiz aldendu nintzen diskoetxearengandik”.

Azkenaldian, inoiz ez bezala, alboratuta izan du musika Etxek: “Banekien inork ez zidala deituko, baina ni ere ez naiz mugitu kontzertuak lortzeko; sei hilabetez zorrotik atera barik eduki dut gitarra, etxean jotzeko gogorik ere ez dut eduki”. “Burutik pasatu zait kantatzeari uztea ere, baina erabaki dut hau momentu ona dela ‘hemen nago’ esan, eta ahal beste jotzeko”. Inguruko jendeak konbentzitu du aurrera egiteko, amorerik ez emateko.

Grina berreskuratuta
Ilusioa berreskuratu du Etxezarragak. Berriztarraren arabera, Su Ta Garren azken diskoak izan du horretan zerikusirik: Bizirik gaude oparitu zioten asteburuan heldu zion gitarrari, eta berreskuratu zuen grina.

Martxoaren 7an hasiko duen birako zuzenekoetan, Etxeren ahotsa eta gitarra, eta Iban Gurrutxagaren gitarra izango dira protagonistak: azken diskoa kaleratu zuteneko formazioa ariko da, beraz.

Berriztarrak kanta berriren batzuk ere badauzkan arren, bira honetako kontzertuetan orain arteko kantuak gura ditu oinarri hartu. “Azkena, Haize berri bat, kaleratu dudan diskorik onena dela uste dut, eta ez diot behar besteko zukurik atera”. Oso pozik dago Gurrutxagagaz lortu duen lankidetzagaz: “Nik kantuak sortzen ditut; Iban musikari profesionala da, eta nire sorkuntzak biribiltzen ditu”. Aurrerantzean ere bien artean zerbait egingo dutela uste du berriztarrak: “Izan liteke lan oso bat zein kantuak”.

Disko bat kaleratzea ez du beharrezko ikusten: “Inbertsio handia delako, eta jendeak gero eta gehiago Internet bidez entzuten duelako musika. Kantuak grabatu eta gauza berriak eskaintzea inportantea da, baina ez du zertan disko forma izan”. Diskoaren alternatiba izan daitezkeen aukerak buruan darabiltza Etxek: “Kantuak gutxinaka-gutxinaka grabatu, eta Interneten eskaintzea, adibidez”. Baina urte hau amaitu arte ez diote horri ekingo. Bira amaitzean hartuko dute erabakia.

Areto txikietan, akustikoan
Gaur abiatuko duen bira honetan, “leku txikietan, eta akustikoan” aritzeko hautua egin du Etxek: “Formatu oso gozoa da; gitarrista bi eta ahots bat edozein tabernatan sartu ditzakezu, kostu txikiagoa du, musikariontzat ere oso erosoa da, eta jendearekin gertuagoko harremana sortzen da, informalagoa”. Berak zuzenean eskaintzen duena formatu honetan askoz hobeto dagoela uste du berriztarrak. Taldeak lagunduta jardutea zer den probatu ostean, hasieran egin zuenera bueltatzea da ideia: “Kontzertuak errazago topatzen dira, jendeak hobeto hartzen zaitu, eurekin harreman askoz zuzenagoa daukazu, eta frustrazio gutxiago dago”.

SGAE elkartearen Artistas en Ruta programazioagaz ekin zion akustikoak eskaintzeari Etxek. Ez dauka ahazteko, programazio horren barruan, Segoviako herri txiki batean afalosteko emanaldian eskainitako kontzertua: “Ez zen entzule asko egon, eta kantuetan esaten dudana ez zuten ulertzen, baina jendea ni entzuten adi zegoela ikustea, eta amaitzean nire musikak barruan eragin ziela entzutea oso betegarria izan zen”.

Sorkuntza berria: heldua
Orain, estilo aldetik kantu “oso desberdinak” sortzen dabil  Etxezarraga. “Mezu aldetik nahiko kritikoak. Izan ere, sentitzen dut traba asko ipini dizkidatela, edo gehiegi fidatu naizela behar ez nuen jendearekin. Amorru hori kantuetan islatzen dut. Nire lana ez diodala inori oparituko erabaki dut: diskoetxeak eta managerrak albo batera utzita egingo dut aurrera”.

Sortzerakoan, kantak akustikoan eskainiko dituela oso presente dauka. Heldutasunagaz eta “gauzak lasaiago hartuta”, indarrak gehiago neurtzen dituela ere badio Etxek. “Iban dago nire bizkartzain orain, eta bere ekarpenak asko aberasten du nire sorkuntza. Nik berak baino gehiago sortzen dut, baina bera da musikari profesionala, eta formula egokia lortu dugu".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!