Idi-probetan botatako olio tantak publikotik irten zirela uste dute

Anboto 2014ko ots. 6a, 12:10

Alkateak azaldu duenez, “tantak ikusita, argi ikusten da publikotik bota zutela olioa”. Harmailetan, gainera, barandak egoten dira probetan, propaganda euskarriekin, eta plastiko horietako bat zulatuta agertu dela azaldu du Isoirdek: “Tantak hasten diren lekuan hain justu”.

Ikertzen dabiltza oraindik, baina froga eta susmoen arabera, publikotik olioa bota zuten San Antonio jaietako azken idi-proba saioan. Urtarrilaren 27ko saio hartan, bigarren proba egiten zebiltzala ikusi zituen  pistako epaileak olio tantak, eta proba bertan behera geratu zen.


Orland Isoird alkatearen berbetan, “tantak ikusita, argi ikusten da publikotik bota zutela olioa”. Publikoa jesartzen den harmailetan, gainera, barandak egoten dira probetan, propaganda euskarriekin, eta plastiko horietako bat zulatuta agertu dela azaldu du Isoirdek: “Tantak hasten diren lekuan hain justu”.


Probetako epaileen aktak jasotzen duenez, gaueko bigarren proba hasi eta bost minutura ikusi zituen epaileak orbanak.  Antolatzaileen ustez, “xiringa edo mota horretako tresnaren bat erabilita” bota zuen olioa norbaitek. Proba bertan behera utzita, bertara joan ziren zaletuei sarrerengatik ordaindutakoaren zati bat bueltatu zitzaien.


Orland Isoirden berbetan, “lotsagarria da horrelako egoera bat bizi beharra”. Berrizko Udalak salaketa ipini du Ertzaintzan, eta oraingoz ez dute gertatutakoaren informazio gehiago jaso.


Gertatutakoa sabotajea izango balitz, Berrizko San Antonio jaietako idi-probetan historian izan duten lehenengo sabotajea izango litzateke. Antolatzaileek nabarmendu dutenez, Bizkaian idi-proben tradizioari gehien eutsi dien herrietako bat da Berriz.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!