"Azoka hau berezia da; halakorik inon ere ez dago"

Anboto 2014ko urt. 18a, 08:00
Miren Intxaurraga, Mari Argoitia eta Juanita Bastida
Domekan, Berrizko probalekuan azoka berezia egongo da: Baserritar bakoitzak etxeko onena eroan eta dena batera ipiniko dute saltzen. Duela 33 urte hasi ziren erakusketa antolatzen eta urte askoan parte hartu dute Miren Intxaurragak, Mari Argoitiak eta Juanita Bastidak.

 

Mari, hasieratik parte hartu duzu azokan. Zelan gogoratzen duzu orain dela 33 urtekoa?    

Mari Argoitia: Lehenago azoka egiten zen, eta sariak egoten ziren. Protestak ere egoten ziren, produktu batzuk erositakoak zirelako. Emiliok, baserritarrei laguntzeko Extensión Agraria elkartekoak, azoka hemengo produktuekin egin behar zela esaten zioen, eta hark proposatuta hasi ginen. Lehenengo urteetan gauza gutxiagogaz ibiltzen ginen. Sei lagun ginen.

Juanita Bastida: Partaide gehien egon garen urtean 32 bat izango ginen, larregi. Orduan gauza asko sobratzen zen, eta Zaldibarko gaixo-etxera eta Toki Onara-eta eroan behar...

 

Azoka berezia da.

Miren Intxaurraga: Bai, hau espeziala da. Horrelakorik inon ere ez dago. Kutxa komuna egiten da! Mostradorean jeneroa txukun-txukun ipintzen dugu. 

 

Zer ekarri zaintzen duzue.

M.A.: Dagoenik eta onena ekartzen dugu. Hasi ginenean, ni Eibarko plazara joaten nintzen, eta jenero batzuk hara eroan beharrean, gorde egiten nituen Berrizerako. Hoberenak gorde.

M.I.: Ni sagarrak gordetzen egoten naiz. Aurten baino hobeak sarri, baina dagoena dago.

 

Zer jenero eroango duzue probalekura zuek?

M.A.: Guk ekarriko ditugu zerbak, letxugak eta espinakak. Horiexek dira orain ondoen dauden gauzak.

M.I.: Nik sagarrak eta kiwiak.

J.B.: Gure etxetik marmelada.

M.A.: Denetik egoten da: barazkiak, frutak, ogia, gazta, arrautzak, eztia, euskal pastela... 

M.I.: Aurten ez da jenero asko egon. Kiwia txiki daukat, onenak hartuta ere. Gutxi eta txikiak. Ni Durangora joaten naiz zapatuetan, plazara, eta pentsa ezazu, 4.000-5.000 kilo batzen badira urtean, aurten 1.000 ere ez!

J.B.: Urte eskasa izan da denean. Gauza gutxi jaso da, eta jasotakoa ere, ez oso kalitate onekoa...

 

Zuen arteko hartu-emana indartzeko balioko dizue horrek.

M.A.: Bai, asko. Baina, komeriak ere izan ditugu. Behin pasatu zitzaigun, 1.000 pezetakoagaz... Orduan asko zen hori. Bezero batek harekin ordaindu, guk bueltak eman, eta gero 1.000 pezetakoa falta zen kutxan!

M.I.: Kontuz ibili behar da diruagaz, niri erreparo handia ematen dit. Denona da, gainera.

 

Lehenago, azokan ateratako diruak lagunduta, bidaiak ere egiten zenituzten. 

M.I.: Azkena Zaragozara, Expora, ederto pasa genuen!

J.B.: Italiara, Erbehereetara, Almeriara, Asturiasera, Parisera... Asko, asko ibili gara!

 

Bidaiatu bai, baina ikasteko bidaiak ziren, ezta? 

J.B: Bai, baserri kontuak-eta ikusteko. Parisen, akordatzen naiz, baso kontuak eta hazi kontuak. Mahatsa bazen mahatsa, tomatea bazen tomatea. Erbehereetako lore jaialdian, mundu guztiko loreak ikusi genituen. Eta gauetan, hoteletan hura zen eskandalua jokoan-eta.

M.I.: Guk berba altu egiten genuen, baserrian ohituta... 

J.B.: Nahikoa barre egiten genuen!

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!