Bizkaiko txapelak Berrizko proban erabakiko dituzte

Anboto 2013ko aza. 23a, 08:56
Domekan, Berrizko Ziklo-kros Sari Nagusia lehiatuko dute Berrizburu inguruko zirkuituan; iazko moduan, Bizkaiko txapelak egongo dira jokoan

Domekan, Berrizko Ziklo-kros Sari Nagusia lehiatuko dute Berrizburu inguruko zirkuituan; iazko moduan, Bizkaiko txapelak egongo dira jokoan.

 

Berriz Bizikletari Elkarteak antolatuta, domekan 200 bat parte hartzaile (Euskal Herrikoak, Kantabriakoak…) hartuko ditu Berrizko Ziklo-kros Sari Nagusiak. Gaztetxoenetatik hasita, Master 60ra arteko ziklistak ariko dira lehian Berrizburu inguruan atondutako zirkuituan.

 

Iazko moduan, aurten ere Bizkaiko Txapelketa egongo da jokoan mailaz maila, Berrizen. Iaz Aitor Hernandez ermuarrak lortu zuen garaipena. Guztira, birritan nagusitu da Berrizen, eta, beste behin, bigarren geratzea lortu du. Aurten ere parte hartzea erabakitzen badu, Aketza Peña (San Andres saria irabazi du), Erlantz Uriarte eta Julen Zubero izango ditu, besteak beste, aurkari nagusiak. Berrizko txirrindulari bi ere irabazteko lehian arituko dira nor bere mailan: Aritz Hernandez 23 urtez azpikoan, eta Ander Etxezarraga Master 30ean.

 

Zirkuituari dagokionez, oro har, iazkoari eutsi diote, aldaketa txiki batzuk baditu ere. Basoko bidea laburtu, eta azpiegitura berriak dauden (pilotalekua, parkea…) inguruko tartea luzatuko dute. Horrela, zaleek luzaroagoan ikusi ahal izango dute txirrindularien jarduna. Oro har, zirkuitu azkarra da, alderdi teknikoak zein igoera gogor batzuk uztartzen dituena. Baldintza klimatologikoek txirrindularien lana gogortu dezakete.

 

ORDUTEGIA

  • 10:00etan: Kadeteak (neskak eta mutilak).
  • 11:00etan: Juniorrak, eta emakumeen 23 urtez azpikoak eta elite mailakoak.
  • 12:00etan: Master 30 / 40 / 50 eta 60.
  • 13:00etan: Gizonak 23 urtez azpikoan eta elite mailan.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!