"Adrenalina baino erlaxazioa da airean sentitzen duzuna"

Anboto 2013ko ira. 25a, 08:30

Zapatu arratsaldea da. Eguraldi ederra kalean patxadan egoteko. Udalaitz ingurura begiratu, eta han txori berezi bi hegan, bata oihal gorri bategaz, bestea berde bategaz. Euretako bat da Gorka Uribe. Parapentearen munduan dabil azken urteotan

Zapatu arratsaldea da. Eguraldi ederra kalean patxadan egoteko. Udalaitz ingurura begiratu, eta han txori berezi bi hegan, bata oihal gorri bategaz, bestea berde bategaz. Euretako bat da Gorka Uribe. Parapentearen munduan dabil azken urteotan.

 

Noiztik zabiltza parapentean?

Orain dela hiru urte inguru Berrizko lagun batekin berbetan hasi, eta ikasteko asmoz Urduñara joatera animatu ginen. Han Euskal Parapente Eskola dago. Euskal Herrian Sopelan, Gasteizen eta Urduñan dago ikasteko aukera.

 

Arinago probatuta zeneukan parapentea?

Ez, inoiz ez, baina gogoa eduki dut aspalditik. Surf egitera joaten nintzen Sopelara, eta han jende pilo bat ikusten nuen parapentean, eta esaten nuen: “inoiz ikasi behar dut, bada!”.

 

Zelan gogoratzen duzu lehen aldia?

Urduñakoa ikusgarria da. Aireratze eremura joatea, eta handik Urduña, kristoren bailara ikustea, itzela da. Lehenengo aldian, nerbio handiak: “Ostras! Hemendik hegan egin behar dugu?”. Baina gero, urduritasun horiek kendu egiten dira, eta ondo sentitzen zara. Oso erraza da, segurua da, eta asko disfrutatzen da. Ez da adrenalina, erlaxazioa da, eskuinera joan gura baduzu, eskuinera, ezkerrera gura baduzu, harantz...

 

Erraza egin zitzaizun ikastea?

Beno, urtebetera nahiko ondo nenbilela, eta bakarrik ibili nintekeela esan zidaten. Ikastaroak ez du denbora finko bat izaten, norberak behar duena baino. Bigarren urtean titulua atera gura nuen, eta federazioan eman nuen izena.

 

Hegaldi asko egin dituzu orain artean?

Urte honetan sarri ibili naiz. Udalaitzen ere hasi naiz. Iñigo Gabiria ere ezagutu dut, eta Durangaldeko jendeagaz ibiltzen naiz. Hurrengo urtean plaza biko parapente ikastaroa egiteko asmoa daukat, eta Liga Norte txapelkletara joateko asmoa ere bai. Hor asko ikasten da, eta leku ugaritan egiten da hegan.

 

Orain arteko zein leku gustatu zaizu gehien? \"\"

Orain Udalaitz asko gustatzen zait. Aurten hasi naiz handik bajatzen, eta kristoren paisaia dago: Anboto, Oiz, kostaldea... Itzela da. Uztailean Alpeetara joan nintzen, eta jaitsiera bat egin nuen. Goizean goiz joanda, 1.000 metroko desnibelagaz, ordu laurden inguruko jaitsierak izaten dira. Bajatzean Mont Blanc mendia daukazu aurrean, eta oso polita da. Eguraldi ona egin zigun, eta oso ondo pasatu genuen.

 

Badaukazu hegaldi bereziren bat egiteko asmorik?

Gustatuko litzaidake Udalaitzetik irten, Anbotorantz joan, gero Udalaitzera bueltatu, Kurutzeberrira, Arrasate albora joan... Horrelako ibilbide bat. Oraindik ez dut zeharkaldirik egin, eta gogoa daukat. Normalean Udalaitzen aireratzea 600 metrotik egiten dugu, eta gero, gailurrerantz joan zaitezke korronte termikoa hartuta. Berez 1.400 metroan daukagu topea, baina asko igotzea arriskutsua izan daiteke hegazkinak horrelako altueretan ibiltzen direlako.

 

Estualdirik pasatu duzu?

Bada, bai. Behin, Udalaitzen. Ipar-mendebaldeko haizea zegoen batean. Gorantz igo nintzen, eta gailurrera joatea pentsatu nuen. Haizea nahiko gogortxo zegoen, eta ezin nuen aurrerantz egin. Bajatzen banenbilen ere, ikusten nuen ez nintzela lur hartzeko lekura heltzen. Landatxo bat ikusi nuen, eta han egin nuen lurreratzea, harrobi ondoan. Neska-lagunari deitu behar izan nion bila etortzeko. Txarrena izaten da tolestura bat edukitzea, orduan larrialdietarako paraxuta zabaldu behar duzu, baina hori ez dut inoiz egin.

 

Haizeari begira ibiliko zara asko.

Noski, erdi meteorologoak gara! Haizea eta korronte termikoak ezagutu behar dituzu. Orain urri amaierara arte jarraituko du denboraldiak. Neguan ere egin daiteke, baina gutxiago, haize gogorragoak egoten dira eta. Iñigo Gabiria elorriarra Alpeetan izan da Red Bull Alps lasterketan.

 

Zer iruditzen zaizkizu horrelako probak?

Lehiaketa oso fisikoa da. Parapentearekin gora igo behar duzu, gailurrera, eta handik aireratu. Hainbat egunetan 90 kilometro egin behar dituzu aireratzeko... Munduko probarik gogorrena da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!