"Esneari baino, askok, alergia industrializazioari izango diote"

Anboto 2013ko ira. 8a, 08:05

Ia 400 esne-behi dauzkate Biritxinaga anaiek ganadutegian. Gazta freskoa egiteko esnea batzen dute bertan. Teknologia berrietan inbertitu dute, eta martxa onean dabil ustiategia. Aurten Euskadiko ikuilu onenaren saria irabazi dute, eta Arkaitzek berak, Gaztenek nekazari gazteen saria

Ia 400 esne-behi dauzkate Biritxinaga anaiek ganadutegian. Gazta freskoa egiteko esnea batzen dute bertan. Teknologia berrietan inbertitu dute, eta martxa onean dabil ustiategia. Aurten Euskadiko ikuilu onenaren saria irabazi dute, eta Arkaitzek berak, Gaztenek nekazari gazteen saria.

 

Duela hiru urte hartu zenuten anaiak eta biok ganadutegiaren ardura.

 

Bai, aita jubilatu zenean sozietatea eratu genuen, eta hau dena berria egin genuen. Esan genuen, edo aurrera edo atzera. Hasieran, lursail nahikorik ez geneukala-eta, Agurain aldean begira ibili ginen, baina azkenean partzela bat saldu ziguten, eta bertan geratu ginen.

 

Aita jubilatutakoan, behintzat, ez zenuten zalantzarik izan.

Bai, ez zegoen dudarik. Etxean ez gaituzte derrigortu, ezta antzekorik ere, e? Bokaziozkoa izan da. Anaiari, agian animaliak horrenbeste ez, baina makina kontua asko gustatzen zaio, eta hemen beti behar da hori, zer edo zer konpondu behar bada... Niri animaliak asko gustatzen zaizkit, beraz, ondo, biak behar dira eta!

 

Ikuilu berria oso handia da; 380 abelburu sartzeko bestekoa!

Orain bateren bat gehiago egongo da, hiru jaio dira gaur-eta. Hemen egunero dago mugimendua. Laster topea jarriko dugu. Artalde bat ematen du, behi taldea izan beharrean! Orain urte bi 200era ez ziren heltzen, eta urtea amaitu orduko 400etik gora izango dira seguruenik. Teknologian asko inbertitu dugu, eta orain langile bi eta anaia eta biok egoten gara. Ia dena programatuta dago: jatekoa, bultza egitekoa, patioa garbitzekoa, haizagailuak... Inbertsio handia izan da, baina bolumen handiak manejatzeko ezin da bestela egin.

 

Gurasoek oso modu desberdinean egingo zuten lan!

Bai. Gure amak esnea Berrizen, Durangon... banatzen zuen. Gu ere Durangora bajatzen gintuen ikastolara. Azken hogei urteetan ez, baina lehen beti horrela. Orain araudi bat dago, eta berez esne gordina ezin da saldu. Egin egiten da, eta ez da ezer pasatzen, baina horrela da.

 

Zuentzako esnerik hartzen duzue?

Bai, eta hona ere etortzen dira esne bila. Ez duzu sinetsiko, baina gehienbat etorkinak etortzen dira. Hori da hemengoek baino kultura gehiago dutelako. Hemen arropa erosten gastatzen da diru asko, baina zer jaten dugun ez da begiratzen. Niri horrek tripako mina eragiten dit. Oraingo umeek zergatik dauzkate horrenbeste arazo asma dela eta ez dakit zer dela? Ez dutelako produktu naturalik jaten. Txikitatik gabiltza dena industrializatuta jaten, eta horregatik dela pentsatzen dut.

 

Osasun kontuengatik behi-esnearen ordezkoak daude orain merkatuan.

Bai. Anaiaren koinatu baten alabak laktosari alergia zion. Urte luzetan diru pilo bat gastatu zuten hainbat motatako esnearekin probak egiten. Aitorrek esan zion ea zergatik ez zuen esne gordinarekin probatzen. Neskatoari, halako batean, bederatzi urtegaz eman zion hemengo esnea, egosita, normal, eta ez zuen botakarik ez ezer ere egin. Esneari beraz ez zion alergiarik, industrializazioari baino. Jende askori gertatuko zaio hori.

 

Gazta freskoa egiteko erabiltzen da zuen esnea.

Zamudion egiten dute, Gailla. Umeentzako ere egiten dute Unai izenagaz. Aldea egoten da. Zabaldu gure gazta bat eta atera. Alboan Burgo de Arias edo horrelakoren bat ipini, eta ikusi lau ordutara. Burgo de Arias fin-fin egongo da, lehengo moduan; gureari ura irtengo zaio. Bestea gelatina da, eta hau naturala. Hor kontsumitzaileak ikusiko du gero, zentimoak gora behera. Ezin da berdina izan 0,60ko esnea edo euro batekoa.

 

Zer gustatzen zaizu gehien behar horretatik?

Animaliak betitik gustatu izan zaizkit, eta azken batean hori bokazioa da. Ordu asko dira, baina ez da lan gogorra. Animaliekin lan egitea gustatuz gero, gogobetegarria da. Nik egin dut lan kanpoan, baina gurago dut hau.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!