Era guztietako ikusleak asetzeko moduko egitaraua prestatu dute

Anboto 2013ko ira. 4a, 09:41

Irail, urri, azaro eta abendurako hamabi kultur emanaldi lotu dituzte, dagoeneko, Berrizko Kultur Etxean. Horietatik hamaika antzerki emanaldiak dira

Irail, urri, azaro eta abendurako hamabi kultur emanaldi lotu dituzte, dagoeneko, Berrizko Kultur Etxean. Horietatik hamaika antzerki emanaldiak dira; bost haurrei edo publiko familiarrari zuzendutakoak, beste bat kalean egiteko pentsatutakoa, eta helduentzako beste hiru. Besteak beste, Euskal Herriko sortzaileen obrak ere ikusi ahal izango dira Berrizen: Teatro Paraiso, Gorakada, Glu Glu, Kalika Teatroa, edota, Artedramarenak, esaterako.

 

Azaroaren 23an, Shakespeare-ren Hamlet klasikoaren moldaketa ekarriko du Artedramak Berrizera: Xabier Mendigurenek egokitutako testuan oinarritutako obra da, eta Ximun Fuchs da zuzendaria. Azaroaren 1ean estreinatu berri eskainiko dute Le Petit Theatre de Pain, Dejabu eta Artedrama taldeek euren azken elkarlana Berrizen. Idazle ingelesaren eragina agerikoa da azaroaren 16an Berrizko Kultur Etxean jardungo duen Producciones Sexpeare talde madrildarraren izenean bertan. Sexpearemente obra eskainiko du: kulturaren eta antzerkiaren egoerari buruzko komedia kritikoa.

 

Abuztuan estreinatutako Hiru obrarekin egingo du Txalo Produkzioak-ek, urriaren 5ean, Berrizera bisita, Loli Astoreka, Miren Gojenola, Ana Elordi eta Zuhaitz Gurrutxaga aktoreekin.

 

Umeentzako ikuskizunak eskainiko dituzte Durangaldeko Gorakada taldeak eta Glu Gluk. Lehenengoak, Munduari itzulia eskainiko du, urriaren 11n, eta bigarrenak, Ahatetxo itsusia, azaroaren 8an.

 

Urte bat eta hiru urte arteko txikienentzako Teatro Paraisoren Lorategia dakar Kultur Etxeko programazio berriak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!