Berriz futbol klubaren etorkizuna kolokan dago errelebo faltagatik

Anboto 2013ko uzt. 21a, 09:36

Aurreko zuzendaritzak dimititu ondoren, berri bat osatu guran dabil udala

Aurreko zuzendaritzak dimititu ondoren, berri bat osatu guran dabil udala.

 

Berriz futbol taldearen etorkizuna kolokan dago. 1973an sortu zen kluba zuzendaritza ofizial barik dago une honetan, eta udala zuzendaritza berri bat osatzeko ahaleginetan dabil. Azken eguen bietan deitutako batzar irekietan zuzendaritzako kide izateko prest dauden sei lagun agertu dira, baina ez dute goi kargurik gura: “Esperantza badugu, baina ez da erraza”, azaldu du Orland Isoird alkateak: “Boluntario batzuk agertu direla ikusita, goi karguak onartzeko prest dagoen jendea agertzea itxaroten dugu”. Halakorik agertuko ez balitz, udalbatzarra deitu eta ahaleginetan jarraitu ala ez eztabaidatuko lukete. Asko jota, datozen aste bietan argituko da Berriz futbol klubaren etorkizuna.

Javi Perez presidente ohiak eta bere zuzendaritzak sei urtez gidatu zuen taldea. Lehenengo legegintzaldia amaitu ondoren, gurago zuen erreleboa eman, baina ez zen inor aurkeztu. Horregatik, berriro bere burua presidentegai aurkeztea erabaki zuen, baina erreleboa aurkitu arte bakarrik. Bazkideekin zein klubeko futbol taldeetako gurasoekin batzartu den arren, “ondotik laguntzeko prest bai, baina inork ez du kargurik hartu nahi” Perezen berbetan. “Inplikazio falta ikusi dugu. Kargu batzuk hartu eta guri lan apur bat kentzeko jendea agertu izan balitz, aurrera jarraituko genuke, baina ez da halakorik gertatu”. Ekainean, legegintzaldi erdian, lan guztiak bost lagunen artean egin beharragaz nekatuta, zuzendaritzak dimititu egin zuen. Hala ere, klubaren kudeaketa eroaten jarraitzen dute, Berrizen etorkizuna argitu bitartean.

Horretara, zuzendaritza berria osatzeko prozesua bideratzea erabaki zuen udalak: “Alde batetik, historia luzea du klubak. Bestetik, kontuan hartu behar da eskola kirolean dabiltzanen urrats naturala dela Berriz futbol kluberakoa. Alderdi horiez eta beste batzuez jabetuta, prozesua bideratzeko lana hartzea erabaki genuen”, dio Orland Isoird alkateak.

Orain aste bi deitutako lehen batzar irekian 30 lagun inguru batu ziren, bazkide eta zaleen artean. Orduan, egoera azaldu eta beste batzar bat deitu zuten. Galdera zuzena egin zieten: nor dago zuzendaritzako kide izateko prest? Sei lagun agertu ziren prest (eta beste hainbat horiei laguntzeko). Baina zuzendaritzako goi kargurik –presidente, diruzain edo idazkari– ez du inork gura. Datozen aste bietan zuzendaritzarik lotu ezik, etorkizun beltza izango du klubak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!