Moby Dick taldeagaz, Berrizko Musikazale Gauak zabaltzen

Anboto 2013ko mai. 17a, 09:11
Maiatzean, lau kontzertu eskainiko ditu programazio horrek Berrizen

Maiatzean, lau kontzertu eskainiko ditu programazio horrek Berrizen.

 

Nun musika taldean jardundako Eneko Burzako getxoztarrak duela urte batzuk bakarka abiatutako proiektua da Moby Dick. Gaur, baina, taldeak lagunduta jardungo du Berrizen 20:00etatik aurrera, joan zen astean Basaurin abiatu zuen biraren barruan.

 

Bateriak, gitarrek, baxuak, txeloak eta teklatuak lagunduta dator Moby Dick Berrizko kultur etxera. Crowdfunding bidez finantzaturiko Cotard Delusion izeneko disko berria aste gutxi barru labetik ateratzekoa da musikari getxoztarra.Berrizko gaurko hitzorduan, kanta berriak ere aurreratuko dizkie musikazaleei.

 

Joan zen zapatuan, Andikoako baselizan hasi zen maiatzean Berrizera lau zuzeneko dakartzan Musikazale Gauak programazioa. Egitarau horretan, Jane Joyd izenpean diharduen Elba Fernandez galiziarraren kontzertua ere badago aurreikusita maiatzaren 24rako. Americana eta folk doinuak ekarriko ditu. Ander Berrojalbiz durangarraren, Maider Lopez eta Virginia Gonzaloren Khantoria taldearen doinuek itxiko dute, maiatzaren 31n, musika zikloa.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!