"Hasierako ideietan geratu barik, gauzei buelta gehiago eman diegu"

Anboto 2013ko mai. 5a, 09:52
Zain Berrizko laukotearen \'Egunsenti berri baten bila\' bigarren diskoaz jardun du Unai Uribe abeslariak

Zain Berrizko laukotearen ‘Egunsenti berri baten bila’ bigarren diskoaz jardun du Unai Uribe abeslariak.

 

Asteon heldu zaizkizue disko berriaren aleak, ezta?

Bai, astelehenean heldu zitzaizkigun Berrizera, eta datorren astean Bilbon SGAEko egoitzan egingo dugu aurkezpen ofiziala. Lehenengo diskoa bezala, Baga Biga disketxeagaz kaleratu dugu. Mila kopia atera ditugu.

 

‘Egunsenti berri baten bila’ da izenburua. Zer ideia dago diskoaren atzean?

Gizartea hoztuta moduan dagoela ikusten dugu, eta horren isla da diskoaren azaleko irudia. Kontrastea egiteko, baina, autokarabana batean agertzen gara libretoko argazkian: kanpoko hotzetik babestuta bidea egitera goazela, denok elkarrekin egunsenti berri horren bila goazela adierazi gura dugu.

 

Hamaika kantakoa da diskoa. Asko geratu dira kanpoan?

Ez, egia esan, dauzkagun heinean kantak grabatzen saiatzen gara. Hasieran planteatu genuen disko laburra egiteko aukera, baina pena ere ematen zigun kantak kanpoak uzteak.

 

Zenbat denbora eman duzue diskoa prestatzen?

Ez da neurtzen erraza, baina serio-serio, esango nuke azken sei hilabetean ibili garela: maketa grabatzen hasi ginenetik. Apurka-apurka joan gara, gure erritmora. Kantuak aurrera zihoazela ikustean erabaki genuen grabatzea. Prozesu nahiko geldoa izaten da gurea.

 

Aurreko diskoa aurkezteko, bira asko luzatu zen?

Luzatu zen, bai, eta horrek eragin du bigarren diskoa apur bat atzeratzea. Dena den, diskoaren prestaketetan ere ez ditugu kontzertuak erabat utzi.

 

Interneten daukazuen ‘making off’-ean ikusten denez, oso ondo pasatu duzue grabazioan...

Asko disfrutatu dugu: Lorentzo Recordsen Aitorrekin grabatzea oso erosoa da guretzat: oso gustura egon gara. Grabazioa neguan egin dugunez, estudioko orduak lanorduekin moldatu behar izan ditugu, eta egia esan, horrek badauka bere alde gogorra.

 

Kantak sortzeko prozesua ere hain gustagarria izan da?

Konposatzeko era apur bat aldatu egin dugu disko honetarako: kasu honetan, Asierrek pisu handiagoa izan du gitarrak konposatzeko orduan. Lokalean erabiltzeko, zortzi-pista bat erosi genuen, eta hainbat proba egin ditugu. Hasierako ideietan geratu barik, gauzei buelta gehiago eman diegu. Detaile txikiak izan arren, konposaketa aldetik osoagoa da disko hau.

 

Musikalki anitzagoa da hau ‘XXI. mendeko piratak’ baino?

Estilo aldetik antzekoa da: melodia asko dauzka, kanta azkarragoak eta lasaitxoagoak... Baina gitarra gehiago dago, eta badauka beste puntu bat. Hitzetan ere, laguntza eduki dugu: buelta gehiago eman diegu, eta gauza oso politak atera dira. Oso gustura gaude.

 

Disko hau deskribatzeko balio lezakeen kanta aukeratzerik?

Nik uste Egunsenti berri bat kantak, esaterako, badaukala ukitu berri hori: asko landutako gitarrak, esaterako. Hasieran, zalantza asko eragin zigun kanta horrek, baina azken emaitzarekin bereziki gustura geratu gara.

 

 


Bideoklipa grabatzeko hitzordua, domekan

 

Orain zortzi urte grabatu zuen Zain taldeak maketa. Bigarren diskoa aurkeztera doaz, Unai Uribe, Alberto Sanchez, Asier Cosme eta Joshua Froufe berriztarrak, datorren astean.
  

    Unai abeslari eta gitarristaren berbetan, inoiz baino hobeto dago Zain, talde bezala: “Disko hau prestatzeak indarberritzeko lagundu digu: ilusioa berpiztu digu”. Egunsenti berri baten bila honetarako, “borroka gehiago egin dugu” dio berriztarrak.

    Disko berriaren aurkezpen txartel gisa baliatuko duten bideoklipa grabatuko dute taldekideek domekan: “Diskoaren ideia islatuko dugu bideoklipean: testuinguru hotzetik egunsenti berri horren bila zelan goazen”. Kontzertu baten simulazioa egingo dute, eta Judit Fernandezek zuzenduko du grabazioa.

    Etxean, Berrizen, aurkeztuko du maiatzaren 25ean Zainek disko berria; eta ekainaren 1ean, Durangoko Plateruenean. 

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!