"Seguruenik txapelketako momenturik onenean jokatuko dugu finala"

Anboto 2013ko api. 26a, 09:05
Bizkaian, ikusmin handia sortu du binakako txapelketako finalak. Durangaldean ere, ez zaio animorik faltako Pablo Berasaluzeri. Esaterako, Plateruenak pantaila erraldoian emango du finala domekan, eta Berazaluzek sinatutako kamiseten zozketa egingo du. 35 urte dituen arren, bere ibilbideko unerik gozoenak bizitzen dabil, eta lehen mailako bere aurreneko txapela jantzi dezake

Bizkaian, ikusmin handia sortu du binakako txapelketako finalak. Durangaldean ere, ez zaio animorik faltako Pablo Berasaluzeri. Esaterako, Plateruenak pantaila erraldoian emango du finala domekan, eta Berazaluzek sinatutako kamiseten zozketa egingo du. 35 urte dituen arren, bere ibilbideko unerik gozoenak bizitzen dabil, eta lehen mailako bere aurreneko txapela jantzi dezake.

 

Txapelketa lau porrotekin hasi eta, domekan, finala jokatuko duzue.

Txapelketak horrelakoak dira. Nahiko justu ekin nion txapelketari. Lau t’erdikoa amaitu eta ia jarraian hasi ginen binakakoagaz, eta ez da erraza. Hasieran ez nengoen gustura. Gerora, nik uste, biok nahiko txapelketa ona egin dugula.

 

Irujori eta Zabaletari 22-14 irabazita, zer unetan heltzen zarete finalera?

Bai Jon Anderrek eta bai nik azkeneko partidu horretan eman dugu mailarik onena. Biok nahiko ondo ditugu eskuak, jokoz zein fisikoki. Seguruenik txapelketako unerik onean jokatuko dugu finala.

 

Partidu hartatik zer erresketatu daiteke finalera begira?

Ezer ez. Finalak diferenteak dira. Beste partidu bat da, frontoia eta materiala aldatuko dira… Bezperako partiduak ere ahaztu egiten dira.

 

Albisu maila ikaragarrian ibili zen Irujo eta Zabaletaren aurka.

Jon Anderrek kritika asko jaso ditu aurten. Nire ustez, beste pilotari batzuok ere, ni neu barruan sartuta, partidu kaskarrak jokatu izan ditugu, eta ez dugu hainbeste kritika entzun. Pilotari gaztea da, eta normala da une batzuetan pilota asko galtzea. Esperientzia falta du. Bere osotasunean hartuta, Jon Anderrek oso txapelketa ona egin du, bestela ez zen finalera helduko.

 

Bikote moduan, apurka elkar hartzen joan zarete?

Partidu asko jokatu ditugu elkarrekin, eta bikote moduan beti funtzionatu izan dugu ondo. Iazko txapelketan ondo ibili ginen eta, ondoren, udako torneo bat baino gehiago jokatu genuen elkarrekin. Aurten, txapelketak aurrera egin ahala hartu dugu puntu egoki hori.

 

35 urtegaz, txapel bat irabazteko azken aukeretarikoa dela sentitzen duzu?

Ezetz uste dut. Jokatzen gabiltzanon artean beti dago irabazteko ilusioa. Gaur egun, final bat jokatzea gaitza da. Oso maila handia dago: Irujo, Olaizola, Bengoetxea VI.a, Xala… Horien artean jokatzen ibiltzea niretzako asko da, eta final batera heltzea ikaragarria da. Aurten finalera heldu naizen moduan, beharbada ez naiz berriro helduko, baina hor nabilen artean, beti egongo dira aukerak.

 

Hamaika elkarrizketa eman dituzu egunotan. Zer egiten duzu zurrunbilo horretatik aldentzeko?

Ez naiz aldentzen. Jende guztiarekin berba egiten dut. Jendeak zoriontzea eta euren babesa jasotzea gauza handia da. Bizi dudan hau dena bizitzea seinale ona da.

 

Finalean berriztar bi aurrez aurre egoteko puntuan egon zarete.

Ibai Zabalak oso txapelketa ona egin du. Partidu txar bat egin zuen Irujo eta Zabaletaren aurka, baina oro har, joko onagaz ibili da eta oso ondo jokatu du.

 

1999an Belokigaz 22-17 galdu zenuen finala. Zelan gogoratzen duzu?

Pilotalekua topera, kantxara irtetean zalaparta handia zaleekin… Rubenek (Beloki) txapelketa ikaragarria jokatu zuen, eta ni ez nintzen hain ondo ibili. Baina finalean ondo jokatu nuela uste dut, nahiz eta galdu.

 

Finala Bilbon da. Zaleen animorik ez zaizu faltako.

Bilbon zela jakitean, poz itzela hartu nuen. Afizioak asko bultzatzen du, eta etxean jokatzea gertatu ahal zitzaidan gauzarik politena da. Profesional lez, 15 urte egin dituzu aurten. Bide luzea da. Denetarik izan dut. Oso momentu onak egon dira, eta oso momentu txarrak ere bai. Baina joandakoak joanda daude, eta aurrera begiratu behar da.

 

Finalaren ostean, zer?

Hamar bat eguneko atsedena hartuko dut. Irailetik hona egunero topera entrenatzen ibili naiz. Lau t’erdikoa oso gogorra izan zen. Ondoren, binakakoan 17 partidu segidan… Psikologikoki nekagarria da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!