Ibai Zabala: "Partidu batzuk jokatuta, Aimarrek eta biok hobeto elkar hartzen dugu kantxan"

Anboto 2013ko ots. 17a, 08:26

Txapelketa erdia joan denean, Ibai Zabala eta Aimar Olaizola sailkapenaren goiko aldean daude

\"\"Txapelketa erdia joan denean, Ibai Zabala eta Aimar Olaizola sailkapenaren goiko aldean daude.

 

Binakako pilota txapelketako bigarren itzuliari ekin berri diotenean, Ibai Zabala eta Aimar Olaizola sailkapenaren goialdean daude. Berriztarrak lehenengo aldia du txapelketa nagusian, eta gustura dago bere jardunagaz. Sailkapenean gorabeherak izan dituzte, baina jokoan maila erregularra erakusten dabiltzala deritzo. Eta markagailuei erreparatuz gero, arrazoia du.

 

Galdutako hiru partiduetatik bitan, gutxienez, 19 tanto egin dituzte. Irujo eta Zabaletaren aurkakoan 16an geratu ziren. Garaipenak heltzen joan diren heinean, aldeko tanto kopuruak balioa hartu du. Berriztarrak eta goizuetarrak aldeko 33 tanto dituzte, eta garaipenetanberdinduta dauden Bengoetxea VI.ak eta Beroizek kontrako lau. Bikote bien artean 37 tantoko aldea dago egun, eta hori alde ederra da berdinketaren kasua gertatuko balitz.

 

Zapatuan, Titin III.a eta Merino izan zituzten aurkari. Eguaztenean baztertu zituzten pilotak: “Guk azpitik ibiltzen direnak aukeratu ditugu, eta beraiek azkarragoak. Gustura gaude saskian aurkitu genuenarekin”, dio Zabalak. Txapelketa hasieran “urduritasunak eta presioak” eragin ziola onartu du, baina apurka asentatzen joan da eta orain konfiantzaz dabilela dio. Aimarrekin ez du batere arazorik: “Kantxa barruan zein kanpoan oso ondo konpontzen gara. Asko hitz egiten dugu. Eskua lesionatu nuenean, aste erdian deitu egin zidan niregatiko kezka azalduz. Gainera, orain partidu batzuk elkarrekin jokatu ditugunez, hobeto elkar hartzen dugu kantxan”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!