"Norbere burua igeri ikusteak bestela lortu ezin den informazioa ematen du"

Anboto 2013ko ots. 10a, 08:04

Mikel Usobiagak eta Egoitz Urangak Berrizko kiroldegiko erabiltzaileen igeriketa saioak grabatuko dituzte, ondoren grabazioak igerilariei eman eta euren teknika hobetzeko aukera izan dezaten. Estatuan aitzindaria dela dioten ekimen honegaz, normalean goi mailako igerilariek bakarrik eskuragarri izaten duten informazioa denen eskura ipini gura dute

Mikel Usobiagak eta Egoitz Urangak Berrizko kiroldegiko erabiltzaileen igeriketa saioak grabatuko dituzte, ondoren grabazioak igerilariei eman eta euren teknika hobetzeko aukera izan dezaten. Estatuan aitzindaria dela dioten ekimen honegaz, normalean goi mailako igerilariek bakarrik eskuragarri izaten duten informazioa denen eskura ipini gura dute.

 

Non du sorburua ekimen honek?

Mikel Usobiaga: Ni bideogintzan eta argazkilaritzan apur bat ibilia naiz, eta banekien gure kamera horrelako zerbait egiteko aproposa zela. Iaz kamera hartu eta igeriketa saioak grabatu genituen, baina geure artean. Oso aprobetxagarria zela iritzi genion. Orduan, bideo grabaketa horiek Berrizko igerilekuko bazkideei eskaintzea pentsatu genuen.

Egoitz Uranga: Proba horien bideoak igerilekuko pantailetan ikusgai egon dira. Jendearen artean interesa sortu du, eta 35 bat lagunek izena eman dute.

 

Nori zuzenduta dago?

E.U.: Igeriketa maila hobetzea gura duten bazkide denentzat, baina, batez ere, igerian egiteko ohitura duten eta sarritan etortzen direnentzat.

 

Euretariko asko triatloietan dabiltza. inoiz egin al da antzekorik Durangaldean?

M.U.: Eskaintzen dugun formatua zein den ikusita, Estatuan aitzindariak izango garela uste dugu. Alde batetik, doakoa izango da. Bestetik, IAT (Ibilgailuen Azterketa Teknikoa) antzeko zerbait eskaintzea dugu buruan. Azken batean, norbere teknika ikusteko tresna bat izango da. Normalean, igeriketa ikastaroetara joan eta irakaslearen aholkuak entzutera mugatzen da guztia. Baina norbere burua bideo batean igerian ikusteak bestela lortzen ez den informazio baliagarria ematen du.

E.U.: Igerian ari zarenean norbere buruan pertzepzioa ez da oso ona. Badira igerilari batzuk beren burua ikusi eta ez direnak irudiekin identifikatuta sentitu. Egoera erabat aldatzen da bideoan ikustean. Igerilari bakoitzari lau edo zortzi bat itzuli grabatuko dizkiogu, eta gura duen igeriketa estiloan.

 

Zer neurritan lagundu diezaioke igerilari bati bere burua igerian ikusteak?

M.U.: Ikusmena eta entzumena informazioa jasotzeko ohiko bideak dira. Irakasleak dioena entzutea baliagarria da, baina irudiak ikusita entrenatzaileen munduan feedback edo retroinformazio legez ezagutzen duguna ematen da. Geure igeriketa moduaren gainean ditugun kontzeptuak aldatu egiten dira bat-batean. Gure helburua informazio hori guztia demokratizatzea ere bada. Izan ere, gaur egun nork du informazio mota hori eskuratzeko aukera? Txapelketetan dabiltzan goi mailako igerilariek eta beste gutxi batzuek. Guk esparru hori zabaltzea gura dugu.

 

Ur azpiko irudiak bakarrik grabatuko dituzue?

M.U.: Ur azpikoak eta gainekoak. Baina informazio gehien ur azpikoak eskainiko du, mugimendu guztiak garbi ikusten direlako.

 

Grabaketak ikusi ondoren, aholkuak emango dituzue?

M.U.: Lehenengo pauso honetan grabaketak egin, ‘youtube’-n sartu eta igerilari bakoitzari bere lotura emango diogu. Zuzenketak bigarren pauso batean eskaintzea da asmoa.

 

Aurten egin duzue probarik?

M.U.: Oraindik ez. Astelehenean proba batzuk egin nituen argiztapena kameragaz bateragarria den ikusteko. Izan ere, urak jan egiten du argia. Printzipioz, izena eman duten denekin otsailaren 22an arratsaldez eta 23an goizez geratzen saiatuko gara, grabaketak egiteko.

 

Igerilarien artean, zeintzuk dira ohiko okerrak?

E.U.: Ohiko huts asko daude: besakada botatzerakoan hankak zabaltzearena, esaterako, edo ur azpian eskuak gurutzatzearena.

 

Izen-ematea oraindik amaitu barik dago?

E.U.:  Bai, baina lehen bider hau igerilekuko bazkideetara mugatu dugu. Ondo irteten bada, ekimena zabaltzea da gure asmoa. Izena eman gura duenak 94 682 62 44 telefonora deitu eta guregatik galdetu dezake. Amaitzeko, azpimarratu nahi nuke udaleko langileak garela eta ez azpikontratutako enpresa batekoak. Berrizko Udalak asmatu egin du horretan, eta hori ere baloratzeko kontua dela uste dugu. 

 

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!