Gorputz eta arima oholtzaratuta sorturiko lana: 'Un loco de desatar'

Anboto 2013ko ots. 2a, 08:25

Zoramenari eta zentzunaren mugei buruzko obra da Trastada Teatrok Berrizko kultur etxera dakarrena

Zoramenari eta zentzunaren mugei buruzko obra da Trastada Teatrok Berrizko kultur etxera dakarrena.

 \"\"

 

Urteetan antzerki tailerra gidatu duten herrian, Berrizen, eskainiko dute Rosa Martinez Alcocerrek eta Sardo Irisarrik elkarlanean sortu duten Un loco de desatar. Kultur Etxean eskainiko dute, gaur, 20:00etan.

 

Juan Sanchez Vallejo lagun psikiatraren testu bat da lanaren oinarria, eta Claudio Hochman-ek moldatu du oholtzarako. Irisarrik azaldu digu hasierako ideia: "Nire belaunaldiko jende bati buruz berba egiteko gogoa neukan: hilik egon ez arren, bizirik lurperatuta daudenez".

 

Zoramenari, zentzunaren mugei buruzko bakarrizketa da Un loco de desatar: oso zintzoa. Egileen berbetan, zintzoa delako da krudela eta gogorra ere.

 

Horregatik, "lan hau Rosak bakarrik zuzendu zezakeela konbentzituta nengoen", dio Irisarrik: "Daukagun elkarren ezagutzagatik".

 

Antzerkian eta elkarlanean hamarkadak daramatzate Martinezek eta Irisarrik, eta elkarrekin hartu dute arriskua Trastada Teatro taldearen lan honetan: "Oso lan biluzia egin dugu, entrega totalekoa".

 

 

 


"Terapia oso agresibo bat lakoa da obra: hustuta amaitzen dut"

 

Zelan elkartu zarete biok ‘Un loco de desatar’ antzezlan hau martxan ipintzeko?

R.M: Asko tematu zen Sardo berekin kolaboratu nezan, eta oso eskertuta nago horregatik. Hasieran, kosta egin zitzaidan baietz esatea, azkenaldian gehiago nabilelako antzerki tailerretan antzerki profesionalean baino... Baina konbentzitu egin ninduen! Ikuslearentzako lan gogorra dela irakurri dugu...

S.I.: Oso lan emotiboa da, bai: \"\"“Gogorra baina ederra” dela esan izan digute ikusle askok.

 

Gogorra da ikusteko, eta gogorra da antzezteko, bai.

R.M.: Ikusleei harrigarri egiten zaie, gainera, zelako bizkortasunagaz egiten dituen pertsonaia aldaketak: malabarismo teatral ikaragarria egiten du. Antzerki purua da egiten duena.

S.I.: Bai, antzerkiaren esentzia da, oso lan biluzia: eszenografia eta muntaia hain soila izanda, antzezpena da zentroa. Hori da jendeak baloratzen duena, soiltasun horretatik, barre asko egitetik negar egitera zelan eroaten dugun.

R.M.: Antzerkia antzerkiaren barruan da lana: pertsonaiaren eta aktorearen jokoa.

S.I.: Nire buruari galdetu izan diot: “Egunero antzeztu nezake hau?”.Eta uste dut ezetz: oso oso ukituta amaitzen ditut emanaldiak: terapia oso agresibo bat lakoa da. Lur jota amaitzen dut, hustuta bezala. Lehenengo aldia da antzezlan bategaz horrelako zerbait gertatzen zaidana.

 

 

Zuzendari bezala, zer ibili zara bilatzen, Rosa?

R.M.: Kontatzen dabilena sinistu dezala aktoreak. Zaila da hori, pertsonaia lazgarria delako, eta aktorearentzako mingarria izan daitekeelako horrelako pertsonaia baten azalean sartzea.

 

 

Noiz hasi zineten antzezlana prestatzen?

S.I.: 2011ko ekainean ekin genion lanari, eta azaroan estreinatu genuen lana.

 

 

Eduki duzue lana han-hemen eskaintzeko aukerarik?

S.I.: Hainbat lekutan eskaini dugu, bai: Albaceten eta Toledon egon naiz oraintsu, eta Euskal Herrian hainbat hitzordu dauzkagu lotuta: Elorrion eta Traña-Matienan ere egongo gara.

 

 

Zelan hartu du ikusi duen publikoak lana?

S.I.: Oso harrera beroa egiten diote ikusleek. Rosak oso ikuskizun orekatua muntatu du, eta ikusleak jasotzen duena aktoreak sentitzen duena da: oso dibertigarria da, nahiz oso krudela ere baden.

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!