Bizkaiko Txapelketa ospatuko da zapatuan Berrizko belodromoan

Anboto 2013ko urt. 24a, 12:47

Bizkaiko Txirrindularitza Erakundeak Bizkaiko Txapelketa antolatu du Berrizko belodromoan urtarrilaren 26rako.Emakumezkoak, kadeteak eta jubenilak lehiatuko dira pistan 10:30etatik aurrera.

Bizkaiko Txirrindularitza Erakundeak  Bizkaiko Txapelketa antolatu du Berrizko belodromoan urtarrilaren 26rako. Emakumezkoak, kadeteak eta jubenilak lehiatuko dira pistan 10:30etatik aurrera.

 

Hainbat proba desberdin egin beharko dituzte parte hartzaileek. Goizean, 10:30etan hasita 200 metroko lasterketa egingo dute eta ondoren puntuazio proba, emakumezkoek eta kadeteek 30 itzuli egin beharko dituzte eta jubenil mailakoek 50 itzuli. Proba hori kanporaketa burutzeko puntuagarria izango da. Arratsaldean aldiz, 16:30etatik aurrera hiru proba egingo dituzte, pertsekuzio proba eta irteera geldiko 500 metro eta kilometro bateko lasterketak. Jardunaldiari sari banaketarekin emango zaio amaiera.

 

Durangaldeko hainbat txirrindularik hartuko dute parte Bizkaiko Txapelketan eta batez ere Challengean dabiltzanak dira faborito nagusiak. Jubeniletan, Durangoko Beste Alde taldeko Beñat Unamuno eta Aritz Hernandez berriztarrak, garaipena eskuratzeko aukerak dituzte. Kadete mailan aldiz, Elorrioko Gaursa Renault taldeko Javier Coto durangarra da  podiumera igotzeko faborito nagusia. Eta emakumezkoetan Ziortza Isasi elorriarra, Iurretako CAF Transport Engineering taldeko txirrindularia, kokatzen da faboritoen artean. Guztiek dituzte garaipena eskuratzeko aukerak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!