"Munduko txapelketarako Berrizkoa da nabarmentzeko azken aukeretarikoa"

Anboto 2013ko urt. 15a, 08:45

Zapatuan, urtarrilaren 19an, Berrizko Ziklo-Kros Sari Nagusia jokatuko dute Berrizburu inguruan egokitutako zirkuituan. Berrizko Bizikletari Elkarteko Aitor Duranen eta Aitor Maiztegiren esanetan ikuskizuna segurtaturik dago, otsailaren hasiera izango den munduko txapelketara joan gura dutenek selekzioetan toki bat merezi dutela erakutsi beharko dutelako.

Zapatuan, urtarrilaren 19an, Berrizko Ziklo-Kros Sari Nagusia jokatuko dute Berrizburu inguruan egokitutako zirkuituan. Berrizko Bizikletari Elkarteko Aitor Duranen eta Aitor Maiztegiren esanetan ikuskizuna segurtaturik dago, otsailaren hasiera izango den munduko txapelketara joan gura dutenek selekzioetan toki bat merezi dutela erakutsi beharko dutelako. 10:00etan kadeteak irtengo dira. 11:00etan juniorrak eta emakumeen elitea zein 23 urtez azpikoak. 12:00etan Master mailakoen txanda izango da. Azkenik, gizonen eliteak eta 23 urtez azpikoak 13:00etan ekingo diote lanari.

 

Ziklo-Kros lasterketa berreskuratu zenutenetik hiru urte joan dira. Ziklo-kros proba urteroko hitzordu egonkortua bihurtu dela esan daiteke?

Alex Duran: Baietz uste dugu. Berrizko Udalak ekimenagaz aurrera jarraitzeko interesa erakutsi du. Udala da laguntzaile nagusia eta eskerrak eman gura dizkiogu eskaintzen digun babesagatik.

 

 

Gainera, aurten beste pausu bat emango duzue eta Bizkaiko txapelketa ere Berrizen erabakiko da.

A.D.: Egia esanda, Bizkaiko Txirrindularitza Federazioaren proposamena izan da eta pozarren onartu dugu. Hori ona da lasterketaren maila handitzeko. Gainera, denboraldia amaitzeko gutxi falta da eta otsailaren hasieran munduko txapelketa jokatuko dute. Horrek esan gura du, selekzioagaz munduko txapelketara joan gura dutenek euren hautagaitza aurkeztu dezaten azken aukeretakoa dela. Gogoan dut, iaz Valentziatik ere etorri zirela gazte mailako batzuk. Dena dela, gehienak euskaldunak izango dira. Izena egunean bertan eman daitekeenez ez da erraza zenbat txirrindulari batuko diren esatea. Master mailetakoak ere asko izango dira.

 

 

Master mailek saltsa ematen diote lasterketari, ezta?

A.D.: Giro handia sortzen dute, bai. Gehienak bertoko txirrindulariak dira. Euren arteko lehia sanoa egoten da eta ikusleek estimatzen duten ikuskizuna eskaintzen dute.

 

Berrizburu inguruan parkea eta azpiegitura berriak eraiki dituzte. Zelan eragiten dio horrek ibilbideari?

Aitor Maiztegi: Zirkuituak 2,5 kilometro inguru ditu eta aldaketa txiki batzuk kenduta iazko berdina da. Parke berriak badu ikusleentzako abantaila bat; zati batean zirkuitua sigi-sagan doa eta ikusleek tarte horretako ikuspegi zuzena izango dute. Ibilbidea osatzerakoan tentuz ibili gara. Zonalde berriko berdeguneetan belarra oraindik bigun dago ipini berria delako eta bizikletekin gainetik ibiliz gero hondatu egingo litzateke. Gune horien gainetik ibili beharrean gurutzatu egiten ditugu. Hemendik urte batzuetara belarra eta lurra egonkortuta daudenean beharbada zirkuituaren parte izan daitezke.

 

 

Zelan definituko zenukete zirkuitua?

A.M.:Arina bai behintzat. Ibilbideko tarterik gehiena lur gogorrean zehar doa, bizikleta ez da lokatzetan hondoratzen.  Gune batzuetan gogorra ere bada, desnibela pilatzen delako.

 

 

Nortzuek ikusten dituzue irabazteko faborito?

A.M.:Gizonetan Aitor Hernandez. Aurten nagusitasun handia erakusten ari da. Egoitz Murgoitiok ezin du etorri. Beraz, Aketza Peña eta Erlantz Uriarte izan ditzake areriorik indartsuenak. Baina Hernandez beste maila batean dago gaur egun. Emakumeetan, beharbada, Olatz Odriozola da faborito. Gazteetan Aritz Hernandez eta Eneko Corrales bereiztuko nituzke.

A.D.:Aritz Hernandez berriztarra da, etxekoa. Ia zortea duen eta lasterketa ona irteten zaion.

 

Lasterketa hasi aurretik Iñaki Lejarreta gogoratuko duzue.

A.D.:Bai. Gizonetan elite mailako lasterketa hasi aurretik minutu bateko isilunea gordeko dugu.

 

 

Berriztar legez, imaginatzen dut, Iñaki Lejarretarena kolpe gogorra izango zela.

A.M.: Bai Aitor (Duran) eta bai ni bizikletan ibili izan gara gazte mailetara arte eta ezagutzen genuen. Horrelako gertaerak beti amorrarazten zaituzte, baina herritar eta ezagun bati gertatzen zaionean oraindik eta gehiago. Guk beti gogoratuko dugu.

 

 

Horrelako gertaerek segurtasunaren kontua lehen planora ekartzen dute. Zer iritzi duzue?

A.D.:Denen partetik ipini beharra dago. Txirrindulariek euren bidean joan behar dute eta auto gidariak errespeturik handienarekin ibili behar dira.

A.M.:Errepideak ez daude txirrindularientzako egoki prestatuta. Gu Alemania, Herbehereak eta Belgikara joan izan gara munduko txapelketako lasterketak ikustera eta paraje haiek bizikletentzako bidegorriz beteta daude. Belgikan, esaterako, ziklistak bide horietatik ibiltzera derrigortuta daude.

A.D.:Hemen, bidegorriak falta dira eta, gainera, bide alboak zikin egoten dira. Errepidea garbitzean hautsa eta zikinkeria bizikletak dabiltzan tokira botatzen dira erortzeko arriskua areagotuz.

 

Zuek gazte mailetan txirrindularitzan ibilitakoak zarete. Zelan ikusten duzue gaur egungo harrobia?

A.D.:Gero eta afizio gutxiago dago.

A.M.:Gu zaparroak ginenean lasterketa bakoitzean 200 bat txirrindulari batzen ginen. Gaur egun, 30 batzen dira Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabakoak batuta. Sasoi bateko %20ra ez da helduko gaur egungo kopurua.

 

Zer egin daiteke afizioa sustatzeko?

A.M.:Gatxa da esatea. Esango nuke gazteak alpertu egin direla. Txirrindularitza oso kirol gogorra da. Bizikleta gainean asko sufritu beharra dago. Gainera, guk hamar urte genituenean Elorriotik itzulia egitera joaten ginen trafiko askoz gutxiago zegoelako. Orain ezin da hori egin eta industriguneetara joaten dira. Horrela gatxagoa da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!