Durangoko Plateruenean joko du, urtarrilaren 18an, SeiUrte Berrizko taldeak: duela urte bi bira itxi zuten lekuan. Atlantida izeneko seigarren diskoa aurkeztuko die SeiUrtek Durangaldeko zaleei.
Durangoko Plateruenean eskainiko ditu SeiUrte Berrizko laukoteak Atlantida diskoko kantak, datorren barikuan. Bi urteko geldialdiaren aurretik, hain justu oholtza horretatik eskaini zuten azken kontzertua, eta Iokin Elortza abeslariaren berbetan, berezia izango da Plateruenekoa: "Zuzenekoetara bueltatzeko gogo itzela daukagu, eta Plateruena gure etxea bezala sentitzen dugu, beti oso ondo tratatu gaituztelako bertan". Elizondon eman zuten joan zen asteburuan bira berriko lehenengo kontzertua.
Atarrabian dute hurrengo kontzertua, eta ez daukate beste hitzordurik momentuz: presarik barik doaz. Kontzertu gehiegigaz gogaitu baino, nahiago dute bira luzeagoa egin.
Madrilen Dinero taldeagaz diharduen Ekain Elortza taldekideak grabatu du Atlantida-n bateria, baina zuzenekoetan Gorka Mendizabalek jardungo du bere ordez, Julen Oarbeaskoa, Iokin eta Iñaki Elortzagaz.
Iokin Elortza abeslariak egin du taldearen bozeroale lana. Taldearen seigarren diskoak izan duen harreragaz oso pozik daudela dio berriztarrak
Azoka bueltan ere giro berezian jo zenuten, ezta? Bai, Ahotsenean jo genuen eguerdiko 12:00etan. Ordutegi berezi horretan ere jendea egon zen, oso kritika onak jaso genituen, eta oso polita izan zen.
Ondo hasi da ‘Atlantida’. Egia esan apur bat harrituta ere bagaude diskoak eduki duen erantzunarekin. Beti egin dugu lan handia diskoetan, eta beti kaleratu dugu diskoa, egindako lanagaz pozik gaudelako. Antza, disko honetan bete-betean asmatu dugu: kritikoek zein iritzia bidaltzen diguten pertsonen laudorioek harritu gaituzte.
Patxada gehiagogaz ibili zarete disko honegaz? Apur bat denbora gehiago eman dugu disko hau prestatzen, baina beharbada lasaiago ibili gara. Abesti gehiago ere sortu ditugu diskoa osatzeko. Hamar-hamaika kantako diskoa egiteko aurrekoetan hamalau bat kanta sortu izan ditugu, baina honetan ia hogei egin ditugu, eta bertatik aukeratu Atlantida osatu duten hamaika kantak.
Rockeroago? Ibilbide luzea daukagu, eta nahiko estilo zehaztua, eta disko honetan gure nortasuna aldatu barik, zeozer diferentea egin gura genuen. Abestiak egin ahala joan gara horri forma ematen: ez dugu mugarik ipini, eta izan daiteke emaitza rockeroagoa izatea.
Zuen ibilbidean jarraitu zaituztenek aldaketa ondo hartzea lorpen handia da, ezta? Orain arteko jarraitzailea ez galtzea lortu dugula uste dut, eta igartzen da kasu gehiegi egin ez digun jendea gerturatu zaigula. Talde bati gerta dakiokeen gauzarik politena da hori. |