"Erritmo handiko partidua eta azkarra izango da"

Anboto 2012ko aza. 17a, 08:30

Berasaluzek lau t’erdiko finalerdia jokatuko du gaur, Labriten

Berasaluzek lau t’erdiko finalerdia jokatuko du gaur, Labriten.

 

Pablo Berasaluze berriztarrak bere ibilbide profesionaleko hitzordurik garrantzitsuenetakoa du gaur arratsaldean, Iruñako Labrit pilotalekuan. Oinatz Bengoetxeari irabazten badio, lehenengoz lau t’erdiko txapelketako finalerako sailkatuko da. Ez hori bakarrik: 1989an kaiolako etapa modernoari ekin zitzaionetik, finalera heltzen den lehenengo bizkaitarra ere izango litzateke.

 

Eguaztenean baztertu zituzten partidu horretarako pilotak, eta Berasaluze gustura dago saskian aurkitutakoagaz: “Aitzakiarik gabeko pilotak dira. Bengotxearenak bote gehiagokoak dira beharbada, baina denak ere pilota politak”.

 

Partiduari buruz, sake errematea aprobetxatzen saiatuko dela esan du: “Sakeak garrantzi handia izango du. Sakean asmatuz gero, errematea bilatzen saiatuko naiz ostean. Bion jokamoldea zein den ikusita, erritmo handiko partidua izango dela uste dut; partidu azkarra”.

 

Partiduak ikusmin handia  piztu du Bizkaian, baina berriztarra lasai dago: “Dei asko jaso ditut, kalean jende askok geratu nau… Partidu hauek horrelakoak dira. Finalerdia hasi aurrean beti etortzen dira nerbioak, baina orain lasai nago”.

 

Finalerdia jokatzeko enpresek aukeratu duten pilotalekuagaz ere ez du kexarik berrizko pilotariak: “Binaka askotan jokatu dut han, eta biok ondo ezagutzen dugu frontoia. Gainera, Labriteko zaleak beti oso ondo portatu dira nirekin, giro ona egoten da eta alde horretatik ez dago arazorik”. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!